Gure industriaren defentsan
Berria egunkariari jaramonik egingo badiogu, “industriak Euskal Herriko ekonomian duen pisua ia erdira jaitsi da 1980z geroztik” (ikus beheko infografia). Eta, nire interpretazioz, ia lau hamarkada behar izan ditugu horretaz jabetzeko eta industriaren aldeko aldarritan kalera ateratzeko. Esaera zaharrak dioenez, hobe omen da berandu sekula baino.
Denok gara segurutik errudun. Edo, nahi bada, errurik ez duenak jaso dezala eskua. Baina, aukeran, ataka zorrotzagorik jartzen ausartuko naiz, alegia jaso beza eskua: gure industria sekula gutxietsi ez duenak; industria zaharkitutzat jota, begi-bistatik kendu beharko litzatekeela inoiz pentsatu ez duenak; etorkizuna beste zenbait sektoretan zegoela uste izan ez duenak; industriak nahi adinako eskakizun guztiak ezin zituela irentsi salatzen zuenak; edo industriaren alde jendaurrean agertzea gaizki ikusia egon arren, alde egiteko gertu zegoenak… Hauetariko edonork jaso beza, bai, eskua. Ez dut uste aldamenean beso altxatu askorik sumatuko duenik.
Eta, oraindik ere, ikasi beharko ditugunak. Euskal gizarteak ez du oraino barne- eta kanpo-merkatuak bereizten, nahiz bi larrain zeharo berdinezak izan. Bat da uste izatea, hemengo bidegorriak, haurtzaindegiak, zabor-sistemak edo odol-emaitzak guk nahi bezalakoak izan daitezkeela, “izan zirelako gara, eta garelako izango dira”. Eta beste bat ez konturatzea, nazioarteko merkatuak ez digula, “gu garen bezalakoak garelako”, ezer barkatu.
Laburbilduz, aukera bi besterik ez dugu. Ala onenak gara ekoizpenez, diseinuz, kalitatez, zerbitzuz edo dena delakoaz, ala merkeenak gara. Eta azken berrogei urteotan merkeenak izateko asmorik ez dugunez, zerbaitetan onenak izaten ahalegintzea baino ez zaigu geratzen.
Balio erantsiaren ordua da. Laga itxurazko iaioenarenak egiteari eta, benetan, ba al gara ezerri balio erantsirik ezartzeko gai? Honi lehiakortasuna deitzen zaio. Eta zenbaitek ulertu ez arren, lehiakortasunak ez du mugarik, ez amaierarik. Gero eta lehiakorrago, eta lehiagorrago, eta…
Industriaren bilakaera, 1980an geroztik, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan ("Berria"ren infografia)