Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Grazie!

Grazie!

Amatiño 2011/09/11 23:15
Hogeita hamahiru dezente urte asko dira. Belaunaldi osoa. Belaunaldi oso batek ez du 1978tik hona Espainiako Txrrindulari “Vuelta”rik Euskal Herrian zehar ezagutu. Eta, hain zuzen ere, 1978ko espainiar itzulia azken aldikoz Donostiaraino heldu (ez) zenean 33 urte genituenok bizitza guztia generaman umetatik urtero buelta ikusten. Paradoxa gero, gure belaunaldiak, beti, eta gure seme-alabenak, aldiz, sekula ez.

Hogeita hamahiru urteren bueltan Igor Antonek irabazi du. Baita Euskaltelek zein euskal txirrindularitzaren zaleek ere, jakina. Eta, segurutik, antza denez, 33 urte geroago errekonkista bailitzan ospatu dutenek ere. Baina, inork galdu al du? Ba… duela 33 urte Euskal Herritik pasatu ez zedin ahalegindu zirenek bai behintzat.

Zenbaitek esango du Espainiako Itzuliaren antolakuntza horretan guztian ez dela sekula interesik falta izan. Behar bada, ez. Baina nork esan du interesik ezaren erantzukizuna interesdunarena baino handiagoa denik?

Igor Anton

Igor Anton

Hainbatek ez dakien arren, "las primeras carreras que se corrieron a nivel nacional fueron promovidas por los fabricantes de bicicletas de Eibar". Alegia, Juanjo Sebastianek gogoratu bezala: “este afán por dar a conocer la bicicleta llevaría a los eibarreses a organizar la conocida Eibar-Madrid-Eibar o Gran Premio de la República en 1935, de carácter internacional y de cuatro etapas: Eibar-Burgos 171 km. Burgos-Madrid 198 km. Madrid-Burgos 242 km. Burgos-Eibar 170 km.”

Txirrinduzaletasuna aurretik zetorren, jakina. Bestelako daturik azaltzen ez den artean, badirudi gure inguru honetako lehen txirrindulari-lasterketa 1910ean eratu zela, Eibar-Elgoibar-Eibar joan etorrian zehar. Hasieran marka komertzialen arteko lasterketak omen ziren, eta txirrinduari txirrundulariari baino garrantzi gehiago eman ohi zitzaion. Giro hartan, 1924an antolatu zen aurrenengo Pedalaren Jaia (ikus argazkia, Untzagan) eta urte berean sortu Eibarko “Club Deportivo”a. Baita hiru urte geroago “Club Ciclista” ere.

Arrate Igoera, Bizikleta Eibartarra, Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia, Espainiako Vuelta nahiz han-hemenkako ziklo-kros lasterketak izan, txirrindularitzaren zaletasun ikaragarria ezagutu genuen 1952tik 1974ra bitarteko "urrezko garaian":   orduan arraroa izaten zen "Vuelta España"ren etaparen bat Eibartik ez pasatzea: 1959. urtean, Eibar-Gasteiz erlojupekoa korritu zen eta hantxe zegoen munduan sekula izan den txirrindularirik maiteena eta ezagunena: Fausto Coppi. Eibartarrek egun hartan Italiako txirrindularia ikusteko aukera izan zuten; zaletu asko eta askoren bihotzetan oraindik bizirik dirauena.

Egun hartan ez genuen eskolarik izan eta lagunok Ipurua aldera abiatu ginen, Kaskarrengua baserri-barrenera, noiz Fausto Coppi mito handia Elgetara bidean pasatzen ikusiko. Nonbait ordurako ez zegoen gure izarra gorputzaldirik onenean eta --bart gertatu izan balitz bezala gogoan dut--, atzeetan (igelaren pareko ipurdi eta izter ikaragarri galantak zituen) eskua jarrita, bultza edo egin genion. Bizikleta gaineko jainkotzat genuenak, berriz,  saiheska begiratu eta esan zigun: “grazie”.

Coppi

Fausto Coppi

Amatiño
Amatiño dio:
2011/09/12 11:51

Arrazoi osoa. Hamabigarren etapa izan zen. http://es.wikipedia.org/wiki/Vuelta_a_Espa%C3%B1a_1994

Joseba
Joseba dio:
2011/09/12 11:30

"Belaunaldi oso batek ez du 1978tik hona Espainiako Txrrindulari “Vuelta”rik Euskal Herrian zehar ezagutu." Egunotan askotan errepikatu da hori, baina Nafarroa Euskal Herriaren partetzat dugunontzat Vuelta Euskal Herrian izan zen azken aldia 1994an izan zen, Iruñean Laurent Jalabert-ekin irabazi zuen etaparekin.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: