Gotzainaren protokoloa bete
Orain hurrengo Osakidetzara joan behar izan zuen, bere medikuak propio aginduta, hainbat osasun-kontu egokitzeko, eta txanda hartzeko bere kasa konpondu zen, Internetez, eguna eta ordua finkatzeko.
Heldu da Osakidetzara aurrez adostutako hitzorduan eta horra non hogeitaka urteko erizainak kontu hartzen dion, gazte izateari sarri darion tonu arolaz, ea nola joan ote daitekeen bertara, abisatu gabe, gauzak ez direla horrela egiten, joño...
Zaparrada entzun ostean, zaharrak apal diotsa, ordea, hitzordua zenbait egun lehenago hartua duela. Eta erizainak, berriz, ezin dela izan, berak jasotzen dituelako eskabide-deiak, eta berari ez diola aurreko egunetan izen horrekin inork deitu. Gizonezkoak erantzuten dio, ordea, telefonoz baino, Internetez egin zuela berak eskabidea…
Internetez? Zuk?
Ezusteko noraezetik irtetzeko-edo, erizainak agintzen dio jartzeko ondoko eserlekuan eta alkandora-manga jasotzeko, tentsioa hartzeko zein odola ateratzeko, gero analisia egin ahal izateko. Zaharrak, berriz, bera ez dela horretara joan, mediku-kontsultara baino ez, baizik. Eta gazteak, haatik, baietz, bere eginkizuna dela eta ez beldurtzeko, ez diola minik egingo. Ezetz, ez dela beldur kontua, ez dela horretara joan eta kitto. Baietz, ez urduri jartzeko, bere egitekoa dela-eta. Ezetz, baietz… Azkenean erizainak argitzen dio, Osakidetzaren protokoloen arabera, lantzean behin analisi aleatorioak egin behar izaten dituela eta, oraingoan, berari tokatu zaiola. Eta apaizak erantzun:
Tira ba, horrela bada… zuk egizu zuk egin beharrekoa baina nik, gero, konfesatu egingo zaitut.
Nola? Konfesatu? Zuk ni?
Bai, konfesatu, nik zu. Ez arduratu, di-da batean egingo dugu-eta.
Baina, nik ez dut konfesatzerik nahi… ez zurekin eta ez inorekin!
Lasai, ez diot-eta inori ezer esango. Gotzainaren protokoloa besterik ez da. Hilero gutxienez hamar lagun modu aleatorioan konfesatzea eskatzen digu eta… ahal izanez gero, erizainak!