Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gorputz nahiz gorp-huts, soin mugatua

Gorputz nahiz gorp-huts, soin mugatua

Amatiño 2022/06/19 22:20
Bero. Sargori. Segurutik ez da girorik onena ordu bi* luzez etengabe dantzan egiteko, baina Garazi Lopez de Armentiak ez zuen aukerarik galdu nahi izan Chillida Lekun, ‘Gorp-huts’ saioaren baitan, ekaineko solstizioa ospatzeko. Saio ikusgarria, dantzaldi poetikoa, musika (zelta?) atsegina, ahots ederrak... nahiz, behar bada, ikusleriak instrukzio-liburuaren falta sumatu.
Gorputz nahiz gorp-huts, soin mugatua

Garazi Lopez de Armentia

Laurehunen bat lagun bildu ginen aurreko ostiralean Zabalagako zelaietan barrena, Doos Taldearen ‘Gorp-huts’ dantza-ikuskizuna bertatik bertara jarraitzeko. Oinez jarraitu, hain zuzen, bost etapatako ekitaldi ibiltaria Chillidaren eskulturen artean gertatu baitzen, zuzeneko audio (musika zein ahotsa) eta guzti. Garazi Lopez de Armentiak berak amaieran adierazi zuenez, “kaxa itxi gisako tauletan dantzan egin behar izan ohi dugunontzat, Chillida Lekuko esparru zabala inoiz amestu ere ez dugun eszenategia da, inondik ere uxatu ezinezko abagunea”.

Ez da inondik ere erraza ikuskizuna zertan den hitz soilez adieraztea. Espirituen, mamuen, animalien eta pertsonen artean betidanik izan diren tirabiren antzezpen dantzatua eta, nonbait, hainbat kosmologiak, tradiziok eta herri-ustek mendetan zehar eman dituzten erantzunak. Funtsean, bizitzaren zailtasunak, zamak eta erruak arindu eta lasaitu ahal izateko orekaren bilakuntza. Azken batean, ez da kontatzeko “ikuskizuna”, bete-betean ikustekoa baizik.

Ezinbestean, ordubete luzez, dantza-moldeak errepikatzen diren arren –gorputza nahiz gorp-hutsa izan, giza-soina guztiz mugatua suertatzen baita, besterik gabe hain kontakizun konplexua adierazteko--,  ikuskizunak interesari eustea lortzen baldin badu, gehiago da ezohiko eta ezusteko estetikarengatik, ezer zehatzik ulertarazteagatik  baino.

Amaieran, talde osoa ikusleen aurrean jarri  eta, euskaraz zein gaztelaniaz,  galderak egiteko aukera eskaini zuen. Inork ez, ordea, galdera bakar bat ere egin. Galderarik eza ere erantzuna da. Doos Taldeak hausnartu beharreko erantzuna.

Horren zaila izango ote litzateke, beste hainbat antzezpen eta kontzertutan bezala, bost etapetako ibilbidearen nondik norakoa folio erdian azaltzea?  

Sorketa: Eva Guerrero. Dantzaria: Garazi Lopez de Armentia. Koreografia: Talde-lana. Musika konposaketa eta ahotsak: Ainara LeGardon, Cristina Samaniego, Nerea Alberdi, Carla Sevilla. Jantzi-diseinua: Azegiñe Urigoitia. Argiztapen-diseinua: Arantza Heredia.

* Ikuskizunak 75 minutu inguru iraun arren, Garazi Lopez de Armentiak 45 minutu lehenago ekin zion  dantzan egiteari, bere kasa, saioa noiz hasiko zain zegoen jendartean, ikusleria girotze aldera-edo.

Zabalaga
Jendea inguruan eta, barrenean, Zabalaga baserria.

Zelaian
Nekez, gero, leku aproposagorik, hainbat saio eta ikuskizunetarako.

Taldea
Talde osoa, amaitu ostean, azalpenak ematen.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: