Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gora gu eta gutarrak

Gora gu eta gutarrak

Amatiño 2010/07/10 23:55
Arazoa baldin bada Xabi Alonso munduko futbol txapeldunaren eta urtean behingo Euskadiren partida soila “orgia nacionalista”tzat jotzen dutenen artean erabaki beharra, ni lehendabiziko aukeraren alde nago etsi-etsiz eta bete-betean. Nahiz 1998an frantziar elastikoarekin (Didier Deschamps eta Bixente Lizarazu) izan edo 2010an espainiarrarekin (Xabi Alonso, Javi Martínez eta Fernando Llorente), gora gu eta gutarrak.

Gustuko edo ez, gauzak diren bezalaxe dira, eta aldatzen ez diren artean behintzat nik ez diot ezein euskal kirolariri munduko txapelduna izateko aupadarik ukatuko. Bai, seguru gero guzti honetan erabilpen politikorik ez dela falta eta jakin badakit hainbat jarrera zeharo lotsarri direna baina, zer gerta ere, gehiegikeria horiek ez onartzea –eta salatzea— gauza bat da eta darizkien probokazioetan jaustea beste bat. Gehiegikeriez beraiek galtzen dute; probokaziotan eroritzen naizen neurrian, aldiz, beraiek irabazten dute.

Edozein modutan, ez gero ahaztu zein elastikoz irabazi zituzten Indurainek eta Olanok euren urrezko dominak, batere espanturik gabe irabazi ere; eta gogoan izan gero beira-arasetan Generalísimo Francoren koparik gehien duten klubetakoa gure Athletic bera dela zalantza izpirik gabe.

Hiru xemaiko alukeriak esateari ekin aurretik, bakoitzak pentsa dezala zer egingo ote lukeen Del Bosquek dei egingo balio edo, hobeto esan --are nabarmenago-- deitua semea balitzaio.

Kontua ez da onenak irabazi dezala. Nik geureek irabazi dezaten nahi dut, onenak izan ez arren,  Herbehereetan ez zait-eta ezertxo ere galdu.

                          

 

H. Etxeberria
H. Etxeberria dio:
2010/07/11 19:41

Zurea irakurrita ematen du, Amatiño, zuk bezala pentsatzen ez dugunok, "erabilera politikoagatik" ez dugula pentsatzen zeuk bezala eta ezer esaten hasten bagara, "Hiru xemaiko alukeria" esateko arrisku bizian gaudela, zeu ez bezala. Baliteke, ez dizut nik ezetzik esango, baina esango nuke irmotasun espresibo lodiegi hori, zor zaiola zeure estilo hanpuztu betierekoari, beste ezeri baino. Hala ere, partidarako istant batzuk baizik falta ez diren honetan, utz ikezadazu esaten, Alonso, Llorente eta enparauak jokoan izan arren, ni neu Herbehereen alde nagoela gaurkoan. Izan ere, Espainiako Selekzio horrek, geure euskal selekzioa antolatzen uzten ez digun estatua ordezkatzen du, zeuri iruditzen zaizuna iruditu. Dei iezaiozu politika, alukeria edo zeuk nahi duzuna, baina horixe da hemen gertaera nagusia, euskal selekzioa antolatzen ez digutela uzten. La Rojak irabazita pozten bazara zeure kontu da hori eta gozatu. Ez zara bakarra izango. Baina jakizu beste batzuk ere bagarela zu ez bezala sentitzen dugunak. Campeón.

Amatiño
Amatiño dio:
2010/07/12 13:20

Hain zuzen ere, "zeuri iruditzen zaizuna iruditu", nik ez dut uste "Espainiako Selekzio horrek, geure euskal selekzioa antolatzen uzten ez digun estatua ordezkatzen duenik". Behar bada hori katalanen kasua litzateke.

Bai, Arrikitaun, hi baino dezente zintzoagoa. Hik ez baitidak oraindik La Arena hondartzan agindutako marianitoa ordaindu.

Eta zorionak Xabi Alonsori.

Amatiño
Amatiño dio:
2010/07/13 18:46

Ia, ahalik eta laburren.

-- Nik ez juat esan Españaren alde nagoanik. España izena aittatu be ez juat egin. Nik esan doten bakarra zera dok: Xabi Alonso txapeldun izan zeiñ gura nebala eta Herbeheretan ez jatala bape galdu.

-- Hik aittatutako sentimenduak tarteko, nik nahixago juat euskaldunak irabazle izan daittezen. Iribar, Indurain, Edurne Pasaban edo Patxi Usobiaga izan, ni eureaz naok, bandera batez zein bestez jantzi bihar izan.

asier
asier dio:
2010/07/13 10:42

Ez dakit, ba, teorixia ondo aittu ete doten: - Xabi Alonsok Españan jokatzen dabenez, Españan alde egon biharko genduke - Frantziako selekziñuan euskaldunak jokatzen badabe, orduan, Frantzian alde - Eta Españako selekziñuan ez badago euskaldunik? Orduan ez dogu animauko? - Eta entrenatzailia euskalduna bada? Orduan bai? - Eta Poloniako fisioterapeutia euskalduna bada? Orduan, Poloniaren alde? - Bueno, eta beti Españaren alde, Villar bilbotarra Federazioko presidente den bittartian? Eta gero ez?

Teorixa gatxegixa neretako; ekuaziño konplikaua. Neretzat futbola beste zeozer da: sentimendua. Ni talde baten alde nago, talde horren alde egon nahi dotelako, "neria" dalako (edo "guria"), eta kitto. Ez nago Españan kontra, baina ez eskatu alde egoteko. Ez nagolako. Ereserkitzat semi-ofizialtzat "Yo soy Español" daukan taldia ez dot animauko.

Bueno, eta orduan, Real Madrilen alde be egon bihar dogu Xabi Alonso "guria" dalako? Ni neuk, behintzat, zer nahi dozu esatia, nahixago Olimpique, Benfica edo Fenerbahçe... Deittu alukerixia, deittu pitokerixia, deittu dana-dalakua... baina Gora Fenerbahçe!

arrikitaun
arrikitaun dio:
2010/07/12 04:59

Bai jauna, benetan eskertzen da zure zintzotasuna! Denok genekiena zuk zeuk baieztatzea falta zitzaigun. Ole, ole eta ole!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: