Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gizona bere bakardadean

Gizona bere bakardadean

Amatiño 2008/02/26 08:15
Eusko Jaurlaritzak prestatu du Legebiltzarrak eztabaidatu beharreko "Terrorismoaren Biktimak Aintzakotzat hartzeko eta Babesteko Legea". Seguru lege ona izango dena baina ez dut uste terrorismoaren biktima guztiak aintzakotzat hartuko dituenik. Ez legeak nahi izango ez duelako, hainbat biktimak tutik esan gabe jarraituko duelako baino.

Edozenbat biktima ikusten ditut nik komunikabidetan kontari. Bai terrorismoaren biktimak eta baita poliziaren torturak eta tratu txarrak salatzen dituztenak ere.  Normala da agertu eta kontatu nahia, norberak sufritutakoaren berri informatu nahia. Bai jendaurrean kritika eta salaketa egin nahi izateagatik, eta baita elkartasuna jaso nahi izateagatik ere. Hain zuzen, biktimaren katarsietako bat gertatutakoa kontatzea da.

Baina badira, ostera, gurean, biktima direnik esateko ere eskubiderik ez duten biktimak. Biktima isil eta ezezagunak, euren egoera adierazteko beldur direnak, mehatxupean bizi arren salatzerik ez dutenak, iraultza-zerga jaso dutenik ere emazteari edo seme-alabei esateko adorerik gabe jota gelditzen direnak Eta ez pentsa arrotzak direnik, ez, ez. Zure herri berean bizi dira. Zurekin batera Goiz kronika hau entzuten ari dira.

Zoritxarrekoa da, bai, biktima izatea, baina ez da gero gozoa izango bere bakardadean kontatu ezin, kejatu ezin eta garraisi egin ezin duen biktima izatea. Frantsesek heroi anonimua asmatu zuten. Euskaldunok, berriz, biktima anonimoa asmatu dugu. Baina, hori bai, askatasunaren izenean.

Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008.02.26

Patxi Iraeta Zubeldia
Patxi Iraeta Zubeldia dio:
2008/02/28 12:02

Ondo orekatuta dago artikulua, hasieran. "Edozenbat biktima ikusten ditut nik komunikabidetan kontari. Bai terrorismoaren biktimak eta baita poliziaren torturak eta tratu txarrak salatzen dituztenak ere." Aldiz, adibideak ipintzeko garaian, eta bukaerako irudia aukeratzerakoan, biktima batzuekin bakarrik gogoratu zera. Ni beti harritu izan naiz, ikaragarri harritu ere, torturak publikoki salatzen dituzten lagunekin. Ez dute berriz infernua pasaraziko dioten ikararik? Ni behintzat, isilik nengoke bizi guztirako. Hain zuzen, torturatzaileen helburuetako bat da "etsaia" betirako isilaraztea. Hankamotz dago artikulua, eta erren klase hori oso mingarria izan daiteke Goiz kronika entzun, edo artikulu hau irakurtzen duten biktima askorentzat. Beste alde batetik, torturatzaileak ere, askatasunaren izenean aritzen dira, guardia zibilaren irudi bat ondo legoke bukaeran, ETAko anagramarekin batera.

Amatiño
Amatiño dio:
2008/02/28 13:45

Oreka eskatzen didazu. Ongi. Euskal panoraman behin hamabost lerro (minutu t'erdi) idatzi iraultza-zerga sufritzen dutenen biktimen bakardadeaz eta, nonbait, torturatuak ere gogoan izan behar nituen, hankamotz ez geratzeko. Bapo. Ni bekatari. Baina: 1- Esaidazu tortura salatzearekin batera iraultza-zerga ere salatua izan den kasu bakar bat. 2- Zu ez al zara hankamotz geratzen, behin betiko heriotzaz torturatuak izan direnak aldi berean gogoratzeke? 3- Ongi deritzat goardia zibilaren irudia jartzeaz egiten didazun iradokizunari. Eta, bide batez, oreka egite aldera, ETAko eraileren baten argazkia komenigarri ote? 4- Dena dela, eskerrik asko, ni laudatzeagatik. Neri idazten didazun heinean jendaurrean onartzen duzu neregandik zerbait onik itxaro duzula, nereak soluzioa duela. Alegia, beste batzuekin ez duzula denborarik ere galtzen, ez baitute sekula orekarik izango.

Amatiño
Amatiño dio:
2008/02/28 20:36

Nik idatzi dudanaz ez dago eztabaidarik, goian baitago idatzita, izenburutik berberetik hasita. Kontua da nik uste dudala zilegi zaidala, behingoz, minutu t´erdi (hamabost lerro) dedikatzea iraultza-zerga jaso ostean bere bakardadean bizi den gizonari. Zuk uste duzu, ordea, nonbait ezetz. Eta, nere galdera xumea: askoz ere testu luzeagoetan tortura salatzerakoan iraultza-zergarik aipatu ere egin ez dutenei gutuna idatzi al diezu?

Amatiño
Amatiño dio:
2008/03/02 22:51

Nere aldetik amaitzeko, ea nere burua objektibatzeko gauza naizen: 1- Iraultza-zerga jasotzen duten guztiak ez dira gizonak, baina bai ordea gehienak. 2- Torturatutako guztiek ez dute salatzen, baina bai gehienek. 3- Iraultza-zerga jasotzen duten guztiak ez dira isiltzen, baina bai gehienak. 4- Hamabost lerrotan laburtu beharraren beharrez, iraultza-zerga jaso ostean bere bakardadean isilik geratzen den gizona hartu nuen arketipotzat. 5- Baina, aurreko lau puntuon emaitzak ez du derrigorrez objektiboa izan beharrik. 6- Eta, zer gerta ere, irakurlea bere interpretazioaren jabe da, eskubide osoz. Eskerrik asko.

Patxi Iraeta Zubeldia
Patxi Iraeta Zubeldia dio:
2008/02/28 18:11

Amatiño, ez dezu idatzi iraultza-zerga sufritzen duten biktimen bakardadeaz bakarrik. Poliziaren torturak eta tratu txarrak sufritu dituztenez ere aritu zera. Hauen artean ere biktima anonimo isil asko dago, baina ez dituzu aipatu. Halako zerbait adierazten ari zera nolabait, edo inork hala ulertzeko aukera dago: torturatuek sikiera badaukate katarsia egiteko aukera. Iraultza-zerga sufritzen duten askok ez… / Zeharka, nik ETA sala dezadan eskatzen ari zera gero. Jakina ez natorrela ETArekin bat, eta hau desagertzea nahi dedala. Kontua da, nola. Batzuen sufrimentua nabarmenduz, besteena izkutatzen degun bitartean… horrela ez.

Patxi Iraeta Zubeldia
Patxi Iraeta Zubeldia dio:
2008/02/29 02:58

Terrorismoaren Biktimak Aintzakotzat hartzeko eta Babesteko Lege honek, ez die poliziaren torturak eta tratu txarrak sufritzen dituztenei "biktima" estatusa eskeintzen. Zuk bai eman diezu estatus hori, artikulu honetan. Zilegi zaizu, noski, iraultza-zerga jasotzen duten biktima anonimoez hitzegitea. Hoietaz bakarrik hitzegitea. Baina hemen biak alkarren aldamenean ipini dituzu artikuluaren hasieran, eta gero, ordea, batzuen adibidea ipini bakarrik, biktima anonimo gisa. Nik nahikoa garbi ikusten det bazterketa. Lehen esan bezela, poliziak torturatuen artean, ehunka somatzen baititut, biktima anonimoak. / Zure galderari erantzunez, testu luze batean tortura salatzen duen horrek, biktimez hitzegiten du orokorrean, eta gero torturatuez bakarrik akordatzen da? Hala bada, merezi du jakina erantzun bat idaztea, edo berarekin eztabaidan aritzea.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: