Gizarte duala
Ezin dugu esan harrotzeko moduko datua denik, baina harritzekoa ere ez da, jakinekoa da-eta, zenbat eta ongizate hobea edo bizimodu altuagoa izan, jendeari gutxiago kostatzen zaiola lanorduak galtzea eta lantzean behin jai hartzea.
Jendea lasaitu egiten da gauzak ondo samar doazenean eta lanaren segurtasuna eguneroko errutina baino ez denean. Arduraz jokatzen du, ostera, eta zorrotzago jardun, lana arriskuan edo galzorian antzematen duenean. Horra zergatik, krisialdietan, trumoia jotzen duenean, lanpostua kinka larrian sumatzen denean, denok ere lana baloratzen eta zaintzen ahalegintzen garen eta, hartara, ondorioz, absentismoa murrizten den.
Hau guztia normaltzat jotzen dugu. Horrela da eta kitto. Baina ez gara behar bada konturatzen, denon artean, ez ustean, gizarte dual bat moldatzen ari garela.
Egia da, bai, gizartearen parte batek ez duela lanik topatzen, edo lan prekarioak baino ez dituela aurkitzen. Ordutegirik gabeko lana, txarto ordaindua, ganorazko kontraturik gabe, gutxieneko jarraipenik gabe, ordu estraz josita, inondik ere guretzat nahi ez genituzkeen baldintzetan.
Baina, aldi berean, bada beste gizarte-parte bat, lan finkoaz eta egutegi onaz baliatzen dena, itxuraz bizi izateko besteko soldata duena, komeni zaionean lanera ez joateko aitzakia handirik behar ez duena, produktibitateak lorik kentzen ez diona eta estresak nekez harrapatuko duena.
Esanak esan, entzuleen artean izango da uste duenik, gizarte-parte baten errealitateak ez duela bestearenarekin zer ikusirik. Elkarrekin lotu ezinezko egoerak direla. Ez direla ontzi komunikatuak. Ez daudela kontrajarriak. Seguru gero? Benetan seguru? Ba… seguru bazaude, horrek esan nahi du zu lan on samarra dutenen artean zaudela.
EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria