Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Giza-memoria genetikoak ez du klima-aldaketarik ezagutu

Giza-memoria genetikoak ez du klima-aldaketarik ezagutu

Amatiño 2022/04/01 11:00
Giza-espezieak “betidanik” ezagutu izan omen ditu uholdeak, suteak, goseteak, izurriteak, erasoak eta gaixotasunak. Sekula ez, ordea, klima-aldaketarik. Ez behintzat konturatzeko besteko aldaketa lasterrik. Eta, memoriak, bizi izandakoa baino ez du gogoan.

Klima-aldaketaren ondorioak direla-eta, esanak esan, bada dioenik hondamendiak etxeko lanak egiteke harrapatuko gaituela gizakiok (1). Ez omen da munduaren amaierarik izango, baina bai, behar bada, gizadiaren suntsipenik. Munduak etenik gabeko jira-biran jarraitu ahal izango duen arren, daiteekena, ordea, hominidoak milioiren bat urtez-edo desagertzea.

Eta zergatik ote horren iragarpen ezkorra? Ba, funtsean, gizakumeak ez duelako benetan sinesten mundua amaitu daitekeenik. Eta ez omen du sinesten, ez delako aurretik sekula gertatu, ez duelako –ezin duelako izan-- bere ondoretasunaren jakintzan (genetikan) era horretako hondamendiaren memoriarik. Esperientzia kolektiborik ezaren ajea, alegia.

Edward O . Wilson zientzialariak dioenez (2), gaur egungo gizakumearen zenbait jarrera “genetika-aztarrenen senez sortutako arketipoak” dira. Esaterako, entomologorik onenari  jaramonik eginez gero, sugeekiko fobiek edo sabana afrikarraren irudi atsegina (muino zabala eta han-hemenka zenbait zuhaitz urmaela-bazterrean) habitat idealtzat jotzeko irizpideek duela ehundaka mila urteko pentsamoldeetan dute jatorria, eta ez egungo gizartearen esperientzia enpirikoan. Hau da, sekula sugerik ikusi ere egin ez dutenak narrastien beldur dira, eta inoiz Afrikan egon ez denak ere bertako sabana-mota du amets.

Beste modu batez esanda, nazioarteko gizarteak, oro har, diziplina handiz erantzun ahal izan dio Covid-19aren pandemiari, era bateko zein besteko izurriteak “betidanik” (3) ezagutu izan direlako, baina klima-aldaketari aurre egiten ikasteko ez da, aldiz, aukerarik izan. Klima-aldaketarik izan da aurretik ere, baina sekula ez, ostera, bizpahiru belaunalditan jabetzeko bezain lasterra.

Auskalo gizadiak sinesten duen ala ez klima-aldaketa larririk izango ote den hurrengo hamarkadetan, baina irudi, behintzat, badirudi, sinestuko ez balu bezala erreakzionatzen ari dela.

1. Sarriegi ahaztu arren, Noeren meritua ez zen izan pertsonak eta animaliak uholdeetatik libratzeko ontzia egitea, euria hasi aurretik egitea baino. 

2. Los orígenes de la creatividad humana. Edward O. Wilson. Barcelona, 2018

3. Lehen agiri idatzia orain dela 2.500 urtekoa da eta, Bibliak jasotzen duenez, Egiptoko hamar plaga mitikoak duela 4.000 urtekoak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: