Atapuerca eta Giza Bilakaeraren museoa
Debako bisitari-taldea, Giza Bilakaeraren museoaren atarian (2011ko irailaren 10ean)
Bisita arautua ez da, ostera, museoan hasten, Burebako Atapuercako indusketetan baino, non 1964tik hona (1990etik aurrera gehienbat) aurkitu diren azken mila milurteotako hainbat fosil aztarren zeharo garrantzitsu: Homo antecessor-en aurpegia, Homo heidelbergensis-en burezurra eta mokorra, Homo sapiens-en apaingarriak eta hiruron harrizko lanabesak, ugaztun garauen hondakinak eta, besteak beste, Atapuercako aztarnategia nazioarteko arkeologiaren zein paleontologiaren baitan ospetsu bihurtu duen Gizateriaren Ondarea (2000).
Atapuercako leizeak 1896an azaleratu ziren aurrenekoz, Burgosko zenbait meatzetako (Demanda Mendilerroa) burdina Bilbora eraman ahal izateko, bertako muinoa zeharkatu beharrean erdi-erditik moztu eta nolabaiteko lubakia zabaldu zenean. Hara non bidezidor meharraren ezker-eskuinez begiztatu ziren milaka urtean estalirik iraundako leizezuloak.
Bisita osoak hiru esparru ditu: aipatu berri dugun lubakian zehar agertarazitako leize-andana (Sima de los Huesos, Dolina, Sima del Elefante, Galería...); hainbat lilometrotara moldatu den parke tematikoa, eta Burgosko hiri-ardatzean bertan eraikitako museo ikusgarria.
Leizezulo inguruak ez du, ene irudiko, etsia besterik sortzen. Esangura dut, aukeran, hobe dela itxarobideak autobusean utzi eta museorako gordetzea, ez baita lubakian ganorazko ezer –ezer gero— ikusi ahal. Aitortu beharko, horratik, lekukotasunak lekukotasunaren balioa izan baduela, baina Numantziako harri-hondakin zaharkituen aurrean bezala, ikusi ezer gutxi ikusten da. Irudimenari amain eman baino ez zaio etsi oneko bisitariari geratzen.
Parke tematikoa (harria landu, pinturaz baliatu, sua egin, armak jaurti…)… ondo dago, eskola-umeentzat batez ere, baina ez dut uste inondik ere pasarte honek pertsona larrien Burgoserainoko joan-etorria zuritzen duenik. Beste kontu bat litzateke, hain zuzen, neska-mutikoekin joan nahi izana...
Museoak, berriz, merezi du. Bai, jakina, Atapuercako aztarnategiei atxikitako giza-bilakaeraren sail nagusiak berak, baina baita beste hiru sailek ere, alegia: biologiaren, kulturaren zein ekosistemen araberako bilakaerek.
Ezkerraldean, Debako taldea trenbide zaharraren lubakian barrena. Eskuinean, Miguelón (Homo heidelbergensis, 400.000 urte inguru), Indurainen omenez bataiatua. Argazkia atera ostean "ume eder bat " hurreratu zitzaidan ez gehiagorik ateratzeko esanez.
Hau bai bene-benetakoa. 400.000 urte eta oraindik ere irribarrez. Kontu izan Euskal Herriko giza-aztarrenik zaharrenak 150.000 urtekoak direla eta Urtiagako burezurrak 7.000 besterik ez dituela
Gu oin dala 10 urte inguru egon giñan. Sasoi haretan oindiok gauza gitxi zeguan ikusteko. Atapuercako aztarnategixa besterik ez. Egixa da han bertan ez dala ezer (baina ezer) ikusten, baina guk suertia euki genduan: Nacho izeneko gida zoragarri bat, aztarnategixan historixia primeran kontau zeskuana. Harrezkero parke tematikua eta museua be zabaldu dittuenez, laster eingo dogu bisittia. Gaixa gustatzen jakunondako, Atapuerca ingurua izugarrixa da. Mundu mailako aztarnategirik garrantzitsuena, eta etxe albo-albuan. Museuaz berba ederrak besterik ez dittut edonun entzun. Gogoz nago juateko. Ia datozen astiotan...