Gipuzkoar lurraldean zinemara joan ahal izatea uste baino zailagoa da
Hasteko, datu soil bat baino ez. Donostia (Garbera), Usurbil (Cinesa), Errenteria (Niessen) eta Irun (Mendibil) aldean 45 inguru zinema-areto daude, gainerako Gipuzkoa oso-osoan 25 dauden artean.
Horrez gainera, Gipuzkoak dituen 88 herrietatik 20 besterik ez dira zirema-aretoren bat dutenak. Alegia, 68 gipuzkoar udalerritan ez dago batere zine-aretorik. Agian ulergarri gerta daiteke, zenbait herrixkatako biztanleria urri samarra delakoan, baina, haatik, egia ere bada, hain txikiak ez diren hogeiren bat herri badirela, 2.000 biztanletik gora izan arren, batere zinema-aretorik ez dutenak. Baita 4.000 biztanletik gorako hamalau ere, batere gabe.
Bada gehiago ere. Esaterako, Donostialdeko aretoetan zinema-programazioa egunerokoa den artean, zinema-aretoren bat duten 20 herri handixkien artean (5.000 biztanletik gorakoak) ez da guztietan egunero emanaldirik. Esaterako, hogei horietatik, hamasei herritan dago zinema igandeetan, hamabost herritan astelehen eta larunbatetan, lautan baino ez astearte eta asteazkenetan eta inon gutxitan ez, asteazkenetan.
Honek esangura du, funtsean, aste barruan zinemara joateko abaguneak benetan urriak izateaz gainera, film-aukera ere benetan eskasa dela. Eta, praktikan, zaleak nekez ikusi ahal duela nahi lukeena, aurrez norbaitek erabakitakoa baino, gure haurtzaroko parrokia-aretoetan bezala.
Ez naiz ni ausartuko Tolosalde eta Goierriko egoera zertan den adieraztera, baina Debagoiena, Debabarrena, Urola eta Oriotik Mutriku arteko itsasaldeko garraio-sistema ez dago zinema-aretoen ordutegiarekin lerrotua. Ez diot egon beharko lukeenik, ez dagoela baizik.
Hartara, zinema-aretorik ez duten hamabi herrietatik (Mutriku, Deba, Mendaro, Zestoa, Aizarnazabal, Soraluze, Elgeta, Antzuola, Eskoriatza, Getaria, Aia edo Oriotik), astean hiru, lau edo bost aldiz zinemarik eskaintzen duten hamarretara (Zarautz, Zumaia, Azkoitia, Azpeitia, Elgoibar, Eibar, Bergara, Oñati, Arrasate eta Aretxabaletara) joateko, autoa besterik ez dago… gero non aparkatu asmatu ezinaz gainera, bertakoen bertakotasuna tarteko.
Segurutik oso polita da Donostiako Zinemaldiaz harrotzea, eta Gipuzkoaren paparrean ohorezko zinema-domina jartzea. Gora gu eta gutarrak. Baina gero, urtean zehar, irailetik aurrerako ondoko hamaika hilabeteetan, Gipuzkoako zenbait eskualdetan zinemara joatea --eta zer esanik ez norberak ikusi nahi lukeen filma ikustea-- inork eta inon gogoan hartzen ez duen abentura latza da.