Gipuzkoaren hirugarren ardatza
Kalean da, han-hemenka ugari samar zabaldua, Gipuzkoako errepide-mapa Gipuzkoako biribilgunearen iraultza delako leloaz. Egia da, bai, Eibar, Bergara, Beasain, Donostia eta Debaren arteko joan-etorriak nolabaiteko "errotonda" handia osatzen duela, baina egia ere bada biribilgune horrek bidezidor paregabea duela Gipuzkoako bihotzean zehar. Alegia, hor, erdi-erdian, bidea egon badagoela.
Gipuzkoan Sakonetarik bada (gure Xabier Mendigurenen baimenaz). Zestoa, Errezil, Asteasu, Aia eta Zarautzen artean dagoen Altzolarats arana da. Behin sartu nintzen ni mendi-bizikletan Aizarnazabaletik (Urdaneta eta Aizarna artean) Erdoiztarantza, Altzolarats errekatxo-bazterretik, Amalda leizezulo barrenetik, eta atzera egin behar izan aurrera egin ezinik, hango txara, sasia eta elorria gainditu ezinean. Benetan basazuloa, basazulorik bada.
Erdoizta eta Iturriotzen arteko bidexka ondo baino hobeto dago, nahiz mapan agertu ez. Bien artean, Erdoizta baino lehenxeago, ezkerraldera, maldan behera jaitsiz, Granada-erreka eta Iñazio Eizmendi "Basarri" bertsolari ospetsuaren jaiotetxea.
Granada-baserria, Granada-errekan, "Basarri" bertsolariaren sortetxea. Gipuzkoako Aldundiaren maparen arabera ez omen da bertaraino errepiderik heltzen. Bertan hasten da Pagoetako parke naturala. Eibartik hiru ordu laurdenera, merezi du seme-alaba gaztetxoekin bisita egitea, baita bertan amuarrainak hartu eta jan ere. Argazkian, ezker malda, Aialdea; eskuin egia, aldiz, Errezilaldea.
Batetik, nik ez dut uste bide hori "pista" denik. Ez behintzat Erdoiztara doan bidea baino "pistagoa".
Bestetik, mapa hori egina dago. Gutxienez Tagzanian dago, "Granada baserrian" sakatu besterik ez duzu.
GPSaren aztarna gorde? Sekula ez zait bururatu Euskal Herrian zehar GPSrik erabiltzerik. Baina, tira, asteburu honetan frogatuko dut.