Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gipuzkoaren gezurra

Gipuzkoaren gezurra

Amatiño 2016/03/12 00:05
Euskal Telebistaren zuzendari nintzela, 1993an, Zabalgarbiren bi arduradunek bisitatu ninduten, euren erraustegi-egitasmoa zertan zen azaltzeko. Hiru urte geroago, 1996an, Debabarrena Mankomunitatearen lehendakari nintzela, Gipuzkoako Diputazioak eskualde-buruak bildu gintuen zabortegi-plana aurkezteko. Hogei urte geroago, Bizkaiak Europako Energia-Balorizazio plantarik eraginkorrenetakoa du eta Gipuzkoak ez du ezer ez.

Hogei urte geroago, Bizkaian zakarra ez da arazo eta Gipuzkoan gobernu-aldaketa eragiteko bestekoa. Gipuzkoak bere zakarrak kamioiz bidali behar ditu Kantabriaraino eta Bizkaia gauza litzateke, Gipuzkoak nahi izango balu, gipuzkoarron zakarrak Bilbon bertan errausteko.

Hogei urte geroago, hiru kontinentetako bisitariak etorri ohi dira Zabalgarbira, Bizkaiko ereduaren euskal teknologia (Sener) eta arrakasta bertatik bertara ezagutzeko eta Gipuzkoak, aldiz, hogei urteko zulotik atera ezinik dihardu, oraindik ere.

Azken hogei urteotan, Gipuzkoak neurriz kanpoko garrantzia eman dio zakarren biltze-sistemari, baina hutsaren hurrengo arduratu da bilketaren ondoko trataeraz. Bizkaia, berriz, konbentzional samarra izan da biltze-sistemaz, baina zeharo iraultzailea eta eraginkorra osteko tratamenduaz. Gipuzkoak itxurarenak egiten jokatu du eta Bizkaiak funtsezko arazoa konpontzen asmatu du. Eta, gainera, merkeago: gipuzkoarroi bizkaitarrei baino %40 inguru garestiago kostatzen zaigu zakar-kudeaketa.

Egindakoa eginda dago eta gaur egun, 2016an eta ondoko lau urteetan, Gipuzkoak bidali beharko ditu, gutxienez, 50.000 tona/urteko Merueloko zabortegira. Kamioiz eta autopistaz bidali ere, barrena sei milioi euro ordainduz urtero. Galderak ezinbestekoak dira:

 Zakarrak 175 kilometrora (350 km. joan-etorrian) bidaltzea, "ekologikoa" al da?

 Zakarrak kamioiz eta autopistaz bidali beharra Gipuzkoak ordezkatu nahi omen duen gizarte aurrerakoiari ote dagokio?

 Urtero 6 milioi euro inori ordaintzea (eta BEZa Kantabriari) foru-filosofiaren baitan zentzurik al du?

 Kamioiok, hain zuzen ere, Zabalgarbipetik (hitzez hitz) pasatu behar dutenez, ez al zaio inori otu bertan lagatzea?

 Bizkaia eta Gipuzkoa lurralde berekoak balira, Gipuzkoak egingo al luke erraustegi berririk Zubietan?

 Denok ere normal samarrak bagina, elkarrekin osatzen dugun bi milioitik beherako biztanlegoak ez ote luke aski izango erraustegi bakarraz?

 Guztiok erotu al gara?

Eta amaitzeko, Gipuzkoan, inork aitortuko al du, inoiz, azken hogei urteotako hankasartze kolektiboa? 

ZABALGARBI

 Europan, zenbat eta herri aurreratuago, erraustegi (horiz) gehiago. Zenbat eta atzeratuago, zabortegi (gorriz) gehiago. Hogei urte geroago, Bizkaiko datuak (2014) Europako herrialderik aurreratuenen pareko dira (Austria litzateke antzerakoena), eta Gipuzkoakoak, aldiz, herrialderik atzeratuenen moldekoak, erabat “españolak”... gezurretako ekologia politikoaren izenean.

jaime
jaime dio:
2016/03/13 19:13
Eta EAEko hiru foru aldundiak batuko bagenitu ez al genuke diru pilo bat aurreztuko bai eta Euskal Herriko zati honen antolaketa hobetuko, Gipuzkoaren zakarrena barne?
Edo txorakeri bat esan dut?
bizkaitar
bizkaitar dio:
2016/03/13 20:53
Kaixo Bizkaitik.
Datutxo batzuk ahaztu zaizkizu:
- Bizkaiak arazo bat dauka hondakinen bilketarekin. Bizkaiko herri gehienek euren hondakinen %70 baino gehiago erretzera bidaltzen dute. Zenbat eta zenbat tona hondakin berrerabilgarri eta birziklagarri betirako erreta? Hori ekologikoa al da?
- Bizkaiko errauskailua dirulaguntza publikoetatik bizi da. Energia berriztagarrientzako dirulaguntzak jasotzen ditu nahiz eta erretzen duen gehiena gasa izan. Laguntza horiek barik oso defizitarioa izango litzateke.
- Bizkaiko errauskailuak planta konbinatu batek baino efizientzia energetiko txikiagoa dauka, hau da, gasa alperrik gastatzen ari gara zaborrak erre behar horretan.
- Bizkaian zabortegiak badaude oraindik, errauskailuak sortutako errautsak bertara botatzen dira eta. Eta ezingo dira itxi, errauskailua gelditzen ez den bitartean.
- Bizkaian ez da erreferendumik eta galdeketarik egin ez errauskailuaren inguruan, ez zabortegien inguruan ere. Dena inposaketa izan da.
jon
jon dio:
2016/03/19 15:03
Eta, zein zein zabortegietako plan hori, nun aurkitu eta ikus daite?
Amatino
Amatino dio:
2016/03/19 19:39
Ez dakit. Orain dela hogei urteko plana eskatzen diharduzu, euskarri digitalik ez zegoen garaikoa. Ez daukat erantzunik. Paperezko artxiboetan izango da.

Edozein modutan, hogei urte geroago, Gipuzkoako zabortegiak gaindituta daude eta, Europako herrialde aurreratuen ildotik joko badugu, ez dirudi irtenbidea zabortegi berriak egitea denik.

Oker ez banago, Gipuzkoako Aldundiak 2014an erabaki zuen bizpahiru urtean zabortegi guztiak ixteko egitasmoa (hau sarean aurkituko ahal izango duzu).
jon
jon dio:
2016/03/20 12:22
Bai, alaxen da.Orain 20 urteko plana Gipuzkoako eta, bai eta ere Bizkaikoa. Garai hartako arduradunek azaldu beharko luketeke eta beraien alderdiak ere bai. Arrigarria eta aurpegi izugarrikoa iruditzen zait, orain MLNV ri eskatzea egin zuenen erantzunkizunak eta ahaztu guk egin genuena. Esaten dan bezela DE AQUELLOS LODOS ESTOS BARROS. BILDU ri ematea erru guzia ez da ausarten jokua. PSEEk ere izan du bere partea gauden tokian gaudelako. Errezena beti, BESTEA ERRUDUN.
Amatiño
Amatiño dio:
2016/03/20 23:20
Arrazoirik ez zaizu falt, baina hona, nire iritziz baino ez, zenbait ñabardura:

 Nik ez dut nire iruzkinean siglarik aipatzen. Hain zuzen ere, “Gipuzkoaren gezurra” diot izenburuan, gipuzkoar guztiok aitortu nahi izan ez dugun gezurraren magalean bizi izan garelakoan azken hogei urteotan. Guztion gezurra da, denok gara errudun, bai, baina batzuk beste batzuk baino gehiago.
 Erruduna 1995-2003 legealdiko Aldundia, Bizkaikoak zezena adarretik heldu eta hartu beharreko erabakia hartu zuen bitartean, Gipuzkoak sinetsi nahi izan baitzuen arazoa zabortegiez konpondu zitekeela. Funtsean, Bizkaian erraustegia jarri arren, Gipuzkoan horrelakorik nahi ez zuten taldeei amore emanez. Hau da, beldurra, ausardiarik eza, eta konponbidea geroko gerotan utzi.
 Nire iritziz, 2003-2007 legealdiko Aldundia egoeraz jabetu zen eta 2007-2011 legealdikoak, berriz, egoera bideratu zuen, ondorengo 2011-2015 lau urtekoak hankaz gora bota zuen egitasmoa hain zuzen ere.
 Azkenik, 2015etik aurrerako Aldundiak berriro ere indarrean jarri nahi duen egitasmoa, besteak beste, Bizkaikoak orain dela hogei urte baino gehiago erabaki zuen ildo beretik.
 Hau guztia, erakundeei dagokienez, baina bada bestelako errudunik ere. Sekula hauteskundeetan parte hartu ez arren nolabaiteko herri-ordezkaritza euren baitan hartzen duten taldeak, alegia. Sekula erantzukizunik hartzen ez dutenak. Erantzunkizunik eskatzerakoan, inoiz agertzen ez direnak. Erantzukizunik ezaren maisu direnak.
 Daniel Innerarityk arrazoi: “Politikariek gaizki egiten dute beraiek soilik egin dezaketena”.
jon
jon dio:
2016/03/22 12:44
Badakit ez dezula siglarik jarri baina, garai arretan ze alderdi eta zein pertsona egon ziren publikoa da.
juanjose
juanjose dio:
2016/03/24 17:59
Bai, iruditzen zait sinplekeriaz ari garela. Hemen oraindik ez gera konturatu, itxuraz ohartu, alde batetik biltze politika bat dagoela, izan dezan onena erre beharreko zabor gutxiena sortzeko, eta gero behar ba da, nola desagerterazi hor geratzen zaiguna
Ondo biltzeko eremoan pertsonak, herritarrak ditugu. Ohiturak aldatu behar ditugu.bereizketa onena egin ditzagun errefusa aldan gutxien sortu deigun. Eta hor gauza asko dago egiteko. Jentea ohartzrazi egin behar da eta jakierazi eta sensibilizatu aldaketa klimatikoa ere horren mende dagoela.
Eta hor oso gutxi egiten da. Eibarren bertan, jendeari gezurrezko informazioa ematen zaio ondo dijoan kantuekin. Eta beste kontrako situazioa dago. Organikoaren bereizketa oso gutxi egiten da eta horrek errefusa gehitu egiten du nozki. Eta ez da oso urruti joan behar beste emaitzat ikusteko. Debagoienan kasu.
Eta hori ondo egiten ba da, geratzen dan errefusako zaborra askoz gutxiagoa izango da eta orduan hori desagertuerazteko planifikazio rreala eta sinpleagoa izango da, modu batean edo bestean. Arrazoia ematen diot amatiñori, halako erregailu potentea egon da Bizkaian, zertarako egin behar da beste bat gipuzkoan?
Zoratuta gaude? edo beste interesak daude. Entzunda daukat, zaborren atzetik, zaborra dala garbiena dagoena.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: