Bizkaiko eta Gipuzkoako itsas-bazterrak, 1634 urtean
Felipe IV. (1605-1665), “Errege planeta”, espainiar Urrezko Mendeko azkena, kultura-zaletasun handi samarreko monarka izan zen. Aita (Felipe III.), aitona (Felipe II.) eta birraitona (Karlos I.) euren garaiko erregerik ahaltsuenetakoak izanak ziren eta Felipe IV. zenarekin hasi zen espainiar inperioaren gainbeherakada, Frantziako Luis XIV.ren mesedetan. Elkarrekin sinatu zuten, hain zuzen ere, Pirinioetako Hitzarmena, Bidasoako “Konpantzia” uhartean.
Felipe IV.ren agintepean, Espainiak iparraldeko Katalunia (Rosselló) galdu zuen, Portugalek eta Herbehereek alde egin zuten, eta Napoli zein Siziliaz gainera, Aragoi, Katalunia, Valentzia eta Andaluzia asaldatu zitzaizkion. Giro hartan etorri zitezkeen mehatxuen aurrean defentsa areagotzeko-edo, peninsula osoaren itsasaldeko kartografia enkargatu zitzaion Pedro Teixeira portugaldarrari. Hogei urte inguruko lanaren fruitu izan zen “Descripción de España y de las costas y puertos de sus reinos” (1634).
Gaur egun naif eta komiki estiloen arteko antzirudi-bilduma koloretsu eta zoragarria bada ere, estrategia militarrerako mapa-sorta burutu zuen Teixeira kartografoak, garaiko itsas-golkoak, badiak, portuak eta bokaleak zertan ziren zehazteko, sekretupean gordetzeko eta goi-goi mailako agintariek eskuz esku erabiltzeko baino ez.
Laurogeita hamarren bat marrazki dira, Iberia peninsula osoaren itzulinguruan barrena, artean Portugal ere tarteko. Bidasoatik hasi eta Gironako Rosaseraino. Zehatz-mehatz, 11 Gipuzkoakoak (harmarria, Bidasoatik Saturraraneraino itsas-bazter osoa, Bidasoa, Hondarribia, Pasaia, Donostia, Orio, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutriku) eta 6 Bizkaikoak (harmarria, Ondarroatik Somorrostrorainoko osoa, Ondarroa, Lekeitio, Bermeo-Urdaibai eta Abrako bokalea).
Txori-ikuspegiz marraztuak daude eta itsaso barrenetik lehorrera begira, XVII. mendean inork sumatu ere ezin zuen alderditik. Komikiak bailiren, neurriak eta distantziak hala moduzkoak dira, baina berehalakoan interpretatzeko modukoak. Zenbait kasutan, ordea, datu zehatzak azaltzen dira, balio estrategikorik izan zezaketen ubideak, eraikinak, kaiak eta gotorlekuak, kasu.
Oker nabarmenik ere bada. Esaterako, Ondarroatik Somorrostroainoko antzirudian (ikus 3. marrazkia), Gipuzkoa eta Bizkai arteko mugarenak egiten dituen ubidea ez da Deba ibaia, Artibai baino, Ondarroan itsasoratzen baita, Plazentziatik etorri arren. Aldi berean, Lekeitioko Lea errekatik gora abiatuz gero, Eybar agertzen da, Bizkaian, Plazentziatik dezente urruti eta Maya (Malla-bia?) inguruan. Eskuinaldean, berriz, Garnica.
Galduta-edo luzaro egon ondoren, liburu hau joan zen mendean agertu zen Vienako Hofbibliothek liburutegian non, itxura denez, XVII. mendetik ezkutuan zegoen. Donostiako Nerea editorialak argitaratu zuen, 2002an, hainbat sarrera, aurkezpen, azalpen eta agiri kritikorekin batera. Geroztik, 2009ra bitartean, beste hiru argitaraldi izan zituen.
Maya hori Elgeta da, carta-pueblan horrela agertzen da:...por facer bien y merced a todos los que quisieren venir, poblar e morar en la puebla nueva que se face en los campos de Maya, a la cual puebla ponemos el nombre de Elgueta, que es frontera de vizcaya. Geroago ere erabili izan da izen hori, Eibarrekin izandako auzietan behin baino gehiagotan agertzen da (XV.mendean uste dut, buruz ari naiz), baina harritu nau hain berandu ere erabiltzea.
Ondo izan