Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gipuzkoako 1957ko mapa

Gipuzkoako 1957ko mapa

Amatiño 2010/07/02 12:55
Gregorio Hombrados Oñatibia (Zarautz, 1902 – Tolosa, 1978) pintoreak 1944an argitara eman zuen bere lehen “Gipuzkoako mapa” eta 1957an, berriz, bigarren edizioa, zuzendua eta aberastua. Mapa hauek sekulako arrakasta izan zuten bere garaian, ez baitziren alferrik izan gerra osteko basamortuan hazitako bakarrenetako bitxiloreak.

Ama zenak utzitako paperen artean bada 1957ko ale bat. Nik neuk ia umetatik ezagutu nuen gurean, baita estimu handitan hartu ere, ez da-eta inondik ere errepide-karta arrunta, eskuz idatzi eta marraztutako komiki antzeko hormairudi koloretsua baino. Egungo umeentzako ezer gutxi seguruenik, baina ez gero uste 1950eko hamarkadan koloretako marrazki askorik zegoenik. Are gutxiago ingurukorik.

HOñatibia700

Pinturaz ezezik, Hombrados Oñatibiak hainbat arlo eta esparru landu zituen diseinuaz,  marrazkigintzaz, arte-historia bildumaz, arte-kritikaz eta kazetaritzaz.  Sabino Aranak suspertutako abertzaletasunaren eraginez XIX. mendearen amaieran zein XX.aren  hasieran loretu zen “Eusko Pizkundea” bizi izan zuen, baita 1936ko gerrak erakarri zuen hondamendia ere, eta giro batean zein bestean nola hala artista irauten asmatu behar izan zuen. Bereak dira, besteak beste, Zumalacárregui en la batalla de Descarga, Francisco de Ibarra funda Nuevo Durango, Las Juntas de Guernica de 1631, Aparición de la Virgen de Aránzazu a Rodrigo de Balzategui, Iparraguirre canta el Gernikako Arbola izenburupeko pinturak; berea da argitaratzeke utzi zuen Diccionario monumental del arte-artistas de Euzkadi bilduma galanta, eta bereak izan ziren gerra amaitu arte ustekabean Tolosan kokatutako Fábrica de Timbre e Imprenta Nacional delakoaren enkarguz egin zituen Franco eta Mola jeneralen posta-seiluak.

Gizarte mailan, berriz, gerra ostean jaiotako gazte jendeak ezagutu genuen Hombrados “El Diario Vasco“ egunkarian lantzean behin idatzi ohi zituen euskal giroko artikuluengatik eta etxean genuen Gipuzkoako maparengatik.

Orain ulertaraztea batere erraza ez den arren, Hombrados Oñatibiaren Gipuzkoako mapa, lehen eta behingoz Gipuzkoakoa zen (ez beste inongoa), modernoa, koloretan egina, komiki antzera marraztua, mikelete eta guzti euskal sena zerion eta gure inguru hurbilaren berri bertatik bertara adierazten zigun. Eibarko kasuan, esaterako, eskopeten, pistolen eta bizikleten irudiak eta Eguarbitza, Akondia, Abanzabalegi edo Gorosta-erreka bezalako parajeen aipamen zehatza. Alegia, nonbait baginen, Hombrados Oñatibiaren mapan bai behintzat.

     Eibar inguruko detaillea

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: