Gimnasioko pelikulak
Nire esperientziatxoren arabera, esango nuke esan gimnasioan izerditan blai ikusten ditudan gizonezkorik gehienek kristoren gorputzak dituztela. Apolo samarrak, gihartsuak dira gehienak, bizeps ederrak dituzte, izter sendoak eta ipurmasail tenteak. Indar eta ahalegin oldarkorretan saiatu ohi dira, behin eta berriz, niretzat erabat ezezagunak diren makina eta tramankulu arraroetan. Ispiluak gogotik maite dituzte eta, itxuraz behintzat, lotsa handirik gabe, euren buruari begira jardun ohi dute luzaro, nolabaiteko perfekzio narzisistaren bila.
Emakume nabarmen ederrik edo soin erakargarridunik ez dut, ordea, askorik ikusten. Zenbait lar pottoloak dira eta beste hainbat, aldiz, anorexika samarrak. Ez dago, nonbait, erdibidekorik gimnasioaren larrainean. Begi-bistan ageri da gero, aurrenak hondartzako bainu-jantzia dutela honezkero helburu eta besteak, berriz, ez direla sekula antxintxiketan aspertzen. Hain zuzen ere, makina zeharo arruntak (bizikleta, eliptika, korrika-xingola…) erabili ohi dituzte, jaramon gutxi egiten diete indar-tramankulu sofistikatuei eta ez ikusi, ostera, ispiluei. Ez dute antza batere gustuko aurrez aurre ikusi ahal izango luketena.
Nabaria ere, zein ezberdin jokatzen duten, gimnasioaren baitan, gizonek eta andrazkoek. Ariketa fisikoetan ez ezik, baita jarrera arruntetan ere. Esaterako, gizonezkoek ozen eta zoli asko elkarrekin hitzegiten duten bitartean, ahoberotan eta txaplatantza, taberna-zuloan baleude bezala, emakumeak zeharo dira apalak, isilak, diskrezioz eta zuhurtasunez gaindika, inoren etxean sartu izan balira legez.
Hau guztia, jakina, nire txokotik zabalerako ikuspegi subjektiboaz. Zabaletik txokora begira dezakeenik ere ez da segurutik falta izango: “Zer egiten ote du agure zahar burusoil txankamehe horrek hemen? Neskatilak ikusi nahi ote ditu ala, aukeran, mutil gazteak gustukoago ote?”.
Bakoitzak bere pelikulak egiten omen ditu. Baita gimnasioan ere.
http://eibar.org/blogak/orakulua/458
Obserbaziñorako fauna interesantia, beinke!