Gezurra, egia kontatzeko beste era bat baino ez da
Edozein filmotekatan ohikoak dira 16 milimetroz edo Super 8z ateratako senitarteko irudi mutuak, unean uneko lekuko izan arren, urteak pasatu ahala, elkarren arteko loturarik gabeko sekuentzia labur bezain soil eta zimel bihurtzen direnak. Nuria Giménez Lorang kazetari eta zinemagileak horietako 50 bobina aurkitu zituen bere aitona-amona suitzarren (Frank Lorang eta Ilse Ringier) etxean, eta egiazko irudi haietan oinarrituta, zeharo gezurrezko istorioa moldatu du egiantza, inon eta inola asmakizun hutsa dela batere arrastorik emateke.
Izan ere, 1940 eta 1960 hamarkaden artean aitonak grabatutako 29 orduko materiala editatzeko aukera paregabea izan du Nuria Giménezek, baita gertatuarekin zer ikusirik ez duen bertsio asmatua azpidatzi gisa ezartzeko ausardia ere; eta alegiazko testuari “aproposen” legozkiokeen egiazko irudiak hautatuz eta egokituz, gezurra gezurraren gainetik, inoiz gertatu ez zen kontakizuna osatu du, ia-ia dokumental objektibo modura.
Laburbilduz, aitonak berak ateratako irudiak, munduan zehar hainbat turismo-bidaia elkarrekin egin zuten senar-emazte (Frank Lorang eta Ilse Ringier) aberatsen grabazio aseptiko samarrak baino ez diren arren, Nuria Gimenezek trukatu ditu fikziozko Leon eta Vivian Barrett senar-emazteen pertsonaiez, zeinetan gizonezkoa filmatzaile amorratu eta obsesibotzat jotzen duen eta emakumea, berriz, Nuriak berak asmatutako azpidatzi kamuts eta meharren egiletzat, Vivianen ezkutuko egunkari barnekoia bailitzan. Horrela, Barrett senar-emazte fiktizioek burutzen dute, elkarrekin, gero eta eskasago, kaskarrago, goibelago eta desleialago amaitu bide zuen bikote petralaren alegoria.
Ondorioz, film osoa nolabaiteko dokumental faltsua da. Istorio guztia, hasi eta buka, asmatua. Bestelakorik adierazi arren, Nuria Gimenezen benetako aitona-amonen bizitza eta harremanak nobela ziztrinik ere ezin osatzeko besteko normalak-edo izan ziren; aitona ez zen filmeko protagonista bezain tematsua izan, ez eta antidepresiboei esker aberastu ere; amonak ez zuen sekula maitale mexikarrik (My mexican bretzel) izan, eta behin eta berriz hainbat aforismoren esale aipatzen den Paravadin Kanvar Kharjappali indiar gurua… jaiotzeke da oraindik.
Dokumental-edo gisa “Made in Spain” sailean aurkeztua, gehienbat mutua eta guztiz musikarik ezaz, apal asko ekina eta erlojuari begiratu gabe hamaika ordutan atondua… niri ikaragarri gustatu zait. Asko, gero, egiaren berri jakin aurretik. Eta, areago, gezurraz jabetu ostean.