Gezur-zuloa
Izango da, segurutik, etxean batere libururik ez duenik, baina ez dut inor ezagutzen eskasia horretaz lagunartean harrotu denik. Ezagutzen dut, ordea, etxean telebistarik ez duela eta, behin eta berriz, aukera duen bakoitzean, harro asko gogorarazten diguna. Liburu-faltaz lotsatu eta telebistarik ezaz harrotzen diren pertsona horien arteko aldea izugarria da. Lehenengoak badaki ezjakin samarra dela, jokoz kanpo ari dela eta zertaz harrotu ez duela. Bigarrenak, aldiz, ezjakin samarra izan eta jokoz kanpo aritu arren, ez da oraindik bere egoeraz jabetu eta ez daki barregarri dabilenik. Aurrena, heziketaz urri badabil ere, zentzu kritikoaren jabe da, ez dio errealitateari ezikusi egiten eta, bere neurri apal horretan, intelektual-puntturik izan badu. Bestea, aldiz, intelektual handia delakoan, konplexuz josita dago, ez da daraman bide antzuaz konturatzen eta ez du gero eta handiago gertatzen ari zaion gezur-zulo horretatik ateratzeko adorerik ("Intelektualak, telebista eta multimedia". Luis Aranberri, Gasteiz, 1996)
Gezur-zuloaren kontua ez nuen nik asmatu eta are gutxiago 1996an. Nolabaiteko gezur-zuloan bizi ginen 1960eko hamarkadaren hasierako nerabeak, Arrate Kultura Elkarteak antolatutako zine-klubean batere ulertzen ez genituen filmen osteko eztabaida sakonetan buru-belarri sartzen ginenean edota Ingmar Bergmanen “El séptimo sello” zein “El manantial de la doncella” bezalakoak superguaitzat jotzen genituenean. Baina, orduan, txarrenean ere barkagarri, 15 urte besterik ez genituen-eta.
Era berean, nolabaiteko gezur-zuloan bizi ginen 1970eko hamarkadaren hasierako guraso gazteak, Lur, Etor edo Kriselu argitaletxeen liburuak irten ahala erosi eta sailean irakurtzen genituenean. Baina, orduan, txarrenean ere barkagarri, hainbat “kausa”ren alde ari ginelakoan edo.
Nago, ordea, urteak aurrera joan arren ez ote dugun jarraitzen molde bereko gezur-zuloak ezkutatzen, baina oraingoan ez gazteegi garelako edota goiburu handirik gogotan dugulako, gure irizpiderik eza lartxo nabarmenduko ez dakigun baizik. Nik susmoa dut ez ote dagoen merkatuan makinatxo bat liburu aspergarri, inor aspergarritzat jotzen ausartzen ez dena, edota karteldegian hainbat film kritikak bestelakorik esan arren ikuslea isilik-misilik, nora ezean, uzten duena.
Honetaz guztiaz, proposamen bi baino ez nere aldetik. Film bat eta liburu bat.
1. Filma, La cinta blanca. Saririk ez zaio falta, kritikaren izar guztiak ditu eta inori ez diot gaitzespenik leunena ere entzun. Esango dizute barne-hausnarra maisuki harrotzen duen film sakon horietakoa dela, nazismoaren jatorria ulertarazten duena. Eta pantaila beltzera joan eta irteerako ipurtargia isiotzen denean segurutik esango duzu: “hau al da dena?”
2. Liburua, Cómo hablar de los libros que no se han leído. Ez dut irakurri, jakina, baina oso ona da. Hainbat aurreiritzi hausten du, zenbait gizarte-koakzio salatzen eta, behingoz, gezur-zulotik ateratzeko edozenbat errezeta eskaintzen. Hala ere, zeure buruaren jabe izaten jarraitzeko Oskar Wilde jaunari jaramon egin besterik ez duzu: sekula ez ditut kritikatu behar ditudan liburuak irakurtzen, euren eraginik sufritu ez dezadan.
Ba, horixe. Ez didazu gero esango, irakurle, asteburua konpondu ez dizudanik…