Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Getariako San Anton mendiko eskulturak

Getariako San Anton mendiko eskulturak

Amatiño 2021/07/23 20:00
Getariako Arratoia Gipuzkoako itsasbazterrean dagoen jardin naturalik politenetakoa da. Jardina diot, ez parkea, aukeran parke natural nabarmen ederragoa da-eta Mendata-Sakoneta alderdia. Eta jardina, izatekotan, gehiago ingelesa, frantsesa baino, bisitariak tarteka-marteka aurki (zentzurik zehatzenean) ditzakeen eskulturak klasiko samarrak badira ere.
Getariako San Anton mendiko eskulturak

Emakume-irudia

Hirurogei urte inguru neramatzan Getariako San Anton mendira oinez igotzeke. Hasieran, neska-mutilak joan izaten ginen, asmorik inozoenean, arratsalde-pasa: sua isiotu, txorizo-muturra erre, liskar antzean mokoka jardun eta, ilundu aurretik, “langostero” zaharrera jaitsi, bainatze aldera. Koskortu ahala, inozotasuna galdu genuen eta kai inguruko tabernetarako bidea ikasi. Harrezkero, ezer ez zen izan ordura arte bezala.

Geroztik, ustekabean, hirurogeitaka urte joan dira eta, besteak beste, trafikoa sartzerik eta sua pizterik debekatu, arratoiaren* eta arratoizaleen mesedetan. Orduandik ezer gutxi aldatu da San Anton mendian bertan nahiz itsasalderako behatokietan, eta nabarmen aldatu, ostera, lehorrerako begiradan.

Hainbat talaia aproposetik begiratu besterik ez dago. Biztanleriaz (1960/2020) %27 gehitzeaz gainera, bikoiztu da portua, bikoiztu Malkorbe hondartza eta, oro har, bikoiztu egin da getariar herri-bildu osoa; eta erabat itxuraldatu, txarrerako, denon lotsarako, erortzear dagoen 1919ko Arrantzaleen Kofradia ederra.

Lehengo lepotik jarraitzen dute, ordea, ekialderako nahiz mendebalderako amaierabako bistek eta dagozkien egunsenti eta arrats gorriek; ez da segurutik aldatu hamabost segundotik behin lau distira igortzen dituen itsasargia; bertan dirau ohiko pikondo-usainak eta bertan darrai zelaitxoak, non estreinakoz sumatu nituen nik neskatilaren begi igurikagarriak.

Eta, ezustean, badira San Anton mendiko bidezidorretan barrena, duela 60 urte ez zeuden eskulturak. Orain ia 40 urte Portugaletik bertaratutako Manuel Fernandes artistak bere kasa tokian tokiko hareharrian gubilez landutakoak, omen. Ez dakit inork, berak izan ezik edo, zenbat diren eta non ote dauden ezagutzen duenik.

Han-hemenka atzemateko, ehiza-txakurrari amain eman behar. Horrelako eskultura-sorta izanez gero, Ipar Ameriketan burgerra jarriko lukete sarreran eta bisitarien artean green-card bana zabaldu. Beste aukera bat da ezer ez egitea. Erdibidekorik ez ote?

Hasierako aurpegia
Hareharrian grabatua, irudiak Grezia klasikoko medailoia gogorarazten du.

Burusoila bikez
Bususoila, bizikleta gainean

Jainkoa
Itsasargipeko zimentarrian zizelkatua, itsas-jainkoa beharko luke... baina hegoak ditu.

Hondartza biak
Egungo Getaria, bi hondartzen artean. Erdialdeko zelai-gainean, Balenziaga museoa.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: