Bakeak egiteko 1918ko errezeta
Paradoxa bada ere, Lehen Mundu Gerra 1919an amaitu zen, 51 estatuk elkarrekin sinatutako Versaillesko Itunaz, “azken gerra” izango zelakoan. Baina hogei urte baino ez zuen bakeak iraun, 1939an Bigarren Mundu Gerra etorri baitzen, belaunaldiz aldatzeko ere denborarik eman gabe. Historiak erakusten digu gerrek gehiago dutela amaitu osteko damutik, hasi aurreko hausnarretik baino.
Izan ere, “sekula gehiago” gerta ez zedin, Lehen Mundu Gerraren bake-itunak Nazioen Ligaren sorrera erakarri zuen lehenik, eta Nazio Batuen Erakundea gero. Eta Bigarren Gerrak eragin zituen elkarrekiko gorroto eta mesfidantzak gozatzeko, berriz, ondotik sortarazi ziren Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa (1951), Europako Ekonomia Erkidegoa (1957), Europar Batasuna (1997) eta Europarentzako Konstituzioa (2002). Europa... Europa... Europa... Baina ez al ziren ba mundu-gerrak?
Gerra osteko zauriak osatzeko pasmo-belarrak baino, aurrez gerra ekiditzeko ukendurik proposatzera sekula ausartu den buruzagirik bakarrenetakoa Estatu Batuetako Woodrow Wilson presidentea (1913-1921) izan zen. Gerrak eragotzi eta bakerik errazteko hamalau puntuko errezeta-sorta proposatu zuen, mundu-ordena berria lortze aldera. Besteak beste, laburbilduz: nazio guztien elkartearen sorrera, arma militarren murrizketa, inperioen amaiera, kolonien askatasuna, nazioen autodeterminazioa (1), itsas-nabigazio irekia, kapitalismoaren zabalkundea, langa ekonomikorik gabeko nazioarteko merkatua eta, zer gerta ere, Estatuen arteko diplomazia gardena, ezkutuko edo isilpeko itunik gabe.
Wilsonek ezer gutxi lortu zuen, ordea. Hainbatek zehaztasunik eza leporatu zion eta beste hainbatek borondatekeria (2) besterik ez. Erdietsi zuen helbururik bakarrenetakoa, 1919an mamitu zen Nazioen Liga (ingelesez) edo Elkartea (frantsesez) izan zen. Hala ere, nahiz munduan barrena nazioen arteko erakundea sortu, Senatu estatubatuarrak ez zuen bere presidentearen proposamena onartu eta Wilsonek, ideiaren sortzaileak, ez zuen erakunde berrian esku hartzerik izan.
---oo0oo---
1) Proposamen haren oihartzuna heldu zen Euskal Herriraino ere. Manu de la Sota Athletic-en lehendakariak telegrama bidali zion Woodrow Wilson presidenteari, harako proposamenaren kariaz Euskadiri ere autodeterminazioa zegokiola aldarrikatuz.
Datua Kirmen Uribek jasotzen du “Elkarrekin esnatzeko ordua" nobelan (2016).
Iñaki Anasagastik bere blogeak dioenez, harako telegrama berrogeita hamarren bat lagunek sinatu omen zuten, Manu de la Sota tarteko.
Ez zen Manu de la Sota lehen euskalduna Estatu Batuetako presidenteari telegrama bidaltzen. Hemezortzi urte lehenago (1902), Kubaren independentzia zela eta, Sabino Aranak zorion-telegrama bidali zion Theodore Roosevelt errepublikanoari. Baina Gobernu espainiarrak zentsuratu egin zuen, bidalketa eragotzi eta Arana bost hilabetez espetxeratu.
2) On hutsa, on hutsa... kakutsa!
3) Wilsonek eman zuen "Estatu Batuen egoerari buruzko" lehen hitzaldia Kongresuaren aurrean. Berak sortarazi zuen gutxienez urtean behin Kongresuko kide guztien aurrean unean uneko presidenteak pertsonalki kontu emateko praktika modernoa, gero, bestelako legebiltzarretan, munduan barrena zabaldu den formula.