Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gernikako Estatutuaren besteko adostasuna edo gehiago

Gernikako Estatutuaren besteko adostasuna edo gehiago

Amatiño 2015/01/29 15:40
Arraizek adierazi du, Urkullu lehendakaria den artean ez garela “inora” joango. Nik esango nuke, ordea, Urkulluk Arraizek baino dezente hobeto dakiela non dagoen eta nora joan nahi duen. Etorkizuneko egitasmoez, xedeez eta gurariez nahi beste eztabaidatu daiteke, horretarako da politika. Baina nabarmen zailagoa da azken berrogei urteotan jazotako gertaerak ukatzea.

Inork ez du zalantzan jartzen gaur egun indarrean dugun Gernikako Estatutua Urkulluren alderdiak aldarrikatu, bultzatu eta onetsi zuenik. Arraizek ordezkatzen duen ezker abertzaleak uxatu, eragotzi eta erasan zuen Estatutu berbera, hain zuzen ere. Eta, ia berrogei urte geroago, onartu beharko, Urkulluk Arraizek baino arrazoibide gehiago duela non dagoen jakitzeko, eta dagoen lekuan erosoago sentitzeko.

Aurrera begira, batek daki nork asmatuko ote duen berrogei urte barru non egongo garen, baina nik esango nuke, argi dagoela Urkulluk nora joan nahi duen, eta ez dagoela batere garbi, ostera, Arraizek nora joan nahi duen.

Gustatu edo ez, Urkulluk nahi du, zehatz mehatz, 1979an Gernikako Estatutuak izan zuen baino adostasun gehiago lortu lezakeen estatutu berria. Eta helmuga hau, demokraziaz, arras zehatz eta jakinekoa da. Aldiz, Arraizek ez du zehazten nora eraman nahi gaituen eta, are gutxiago, nor diren aditz-molde plural horretan sartuko lituzkeen hiritarrak.

Urkulluren alderdiak, oker nahiz zuzen, argi aitortu izan die hiru euskal herrialde nagusiei (Erkidegoa, Iparraldea eta Nafarroa) erritmo desberdin bana. Arraizen ezker abertzaleak, ostera, 800 hildako zilegitzat jo izan ditu oraintsu arte, aipatu hiru herrialdeontzat erritmo bakarra defenditzearen aitzakiaz.

Auskalo ezker abertzaleak argituko ote duen inoiz nora joan nahi duen; baina orain arte, behintzat, 1976tik hona, noraeza baino ez du erakutsi. Sekula ez du asmatu oinarrizko erronka politikoetan, eta bere kritikapean inork erdietsitako lorpenen errentaz bizi da.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: