Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gerla Zibila: Iparraldeko ikuspegia

Gerla Zibila: Iparraldeko ikuspegia

Amatiño 2010/11/21 23:55
Espainiako Gerra Zibila (1936-1939) amaitu zela hirurogeita hamar urte betetzen zirela eta, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa Batzordeak topaketa eratu zuen iaz, gertaera hark euskal literaturan izandako oihartzuna azterteko asmotan, eta orduan aurkeztutako zortzi ikerketa bildu ditu orain "Gerra Zibila eta euskal literatura" (Euskera 2009, 54, 2-2. zatia) alearen baitan, Ana Toledo euskaltzainaren ardurapean.
 

Besteak beste, ene irudiko behintzat, aipagarri Jean Haritschelhar Literatura Ikerketa Batzordeburuaren Gerla Zibila: Iparraldeko ikuspegia izenburupeko hitzaldia, eta ez, hain zuzen, literatura peto-petoaren ildotik jotzen duelako,  historian eta kazetaritzan barrena abiatzen delako baizik.

Haritschelharrek oroitarazten duenez, 1936ko udaberrian hauteskundeak izan ziren Frantzian zein Espainian, eta bietan sozialistek irabazi zuten arren, Iparraldean hautatutako hiru diputatuak eskuindarrak izan ziren, Jean Ybarnegaray eskuin muturrekoa buru zelarik. 

Giro hartan, Espainiako militarrak Errepublikaren gobernuaren kontra uztailean ialgi zirenean, Eskualduna astekariak “soldadoen kontra altxatu direla eskualdunak” informatu zuen. Gogan izan, Lehen Mundu Gerran Iparraldeko euskaldunak “soldado” aritu zirela Frantziaren alde, gerra harek ikaragarri frantsestu zituela eskualdunak eta “soldado” hitzak “gerlari ohia” esangura zuela, alegia. “egiazko gizona, herriaren alde ialgi dena atakatua izan delarik, bertute guziez hornitua”.

Eskualduna astekariak Eusko Jaurlaritza eta Agirre lehendakaria auzitan jarri zituen, Gernikari sua eman izana “gorriei”  leporatu eta “Euzkaditarrei” katolikoak baino lehenago euskaldun nahi izana salatu: Zorigaitzez baitira katoliko baino eskualdunago! Orotan lehen behar luke erlisioneak: Euzkaditarrek lehen eman dute beren eskualdungoa.

Arrain gorria ur bedeinkatuan

Eskuina izan arren nagusi Iparraldean, Aintzina aldizkariak  bestelako euskaldun-motarik bildu zuen Aita Lafitte-ren inguruan, Eugène Goyheneche historialaria, Jean de Jaureguiberry mediku zuberotarra eta Michel Diharce Aita Iratzeder-en anaiarik zaharrena tarteko.

                                                                          aita_lafitte 

                                                                        Piarres Lafitte

Ordurako, 1933an, argitaratua zen Euskal Herriaren alde deitu liburuxka, Aita Lafitte-k osoki idatzia eta P.N.V.-ren ideologiatik aski hurbil Jean Haritschelharren hitzetan. Azpimarragari gero, duela ia 80 urte Aita Lafittek planteatu zuela  Iparraldearen eskualdekatzea, euskararen onartzea eskoletan, administrazioan, berreuskalduntzeari eta euskal kulturari behar diren baliabideen emaitea. Zinez, "euskararen ipar izarra" izan zen hainbat urte luzez Aita Lafitte.

Jakina gero, hura guztia ez zena inondik ere Ybarnegaray diputatuaren gustuko. Beronen iritziz, Aita Lafitte arrain gorria ur bedeinkatuan omen zen.

Hegoaldearen ahalak

Gerra amaitu, euskaldun asko ihesi Iparraldera jo, eta Eskualduna astekaria jabetu zen arren gehienak katoliko amorratua zirenaz, ez zituen, ordea, “giristino-gorri” haiek gustuko hartu.

Hala ere, Haritschelharrek dioenez Hegoaldea agertzen da orduan bere ahal guziekin eta, emeki-emeki, hainbat urteren buruan, giroa erabat aldatu. Hegoaldearen ahalak izango dira, besteak beste, Eresoinka, kantagintzan; Euzkadi futbol-taldea, nazioarteko kirol-giroan; Euzko Deya, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile; Olaeta Bizkaiko dantzen irakasle; Telesforo Mozon, Piarres Larzabal eta Daniel Landartekin batera, antzerkigintzan; Hernandorena, bertsogintzan, Xalbador eta Mattinen ahotik; Etxeverry-Aintxart diputatua, politika abertzalearen aintzindari; Michel Labéguerie-rekin euskal kantagintza berriaren hastapenak…  Ondotik, 1970eko hamarkadaren hasieran aldaketa politikoak, Burgos-ko auzia, Francoren heriotza eta Eusko Jaurlaritzak Iparraldeari begira indarrean jarritako dirulaguntzak.

Haritschelhar-en balantzea laburbiltzekotan: Gerla lehenagoko giroa osoki aldatua da Eskualduna astekariaren ideologia ezeztatua nahiz Iparraldea eskuindar agertzen den politikan.

      GaraikoGohyeneLabeg

                     Carlos Garaikoetxea, Eugène Goyheneche eta Michel Labéguerie, 1980an.

Goyhenetxe

Eugène Goyheneche historialariaren etxean, 1978an.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: