Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gehiegikeriak ez du laguntzen

Gehiegikeriak ez du laguntzen

Amatiño 2021/04/26 14:30
Aukeran, nik nahiago Teo Uriarte, Javier Elorrieta, Mikel Azurmendi, Jon Juaristi eta Ander Landabururen lekukotasun sendo eta arrazoitua. Beraiek, eta ez bestek, salbatzen dute benetan ikustea merezi duen “Traidores” dokumentala.

Jon Viarrek 8 urte zituen jakin zuzenean aita, Iñaki Viar, ETAkoa izana zela. Aitarengandik jarauntsi zituen ondoko trauma eta haren zinezaletasuna. Bi sentipenok nabarmen dira nerabetan egin zituen bideoetan, zeinetan grabatu zuen bere burua hainbat sekuentziatan, poliziarenak zein etakidekoarenak egiten, ETAk Gregorio Ordoñez eta Miguel Angel Blanco erail zituen garaietan.

Geroztik Jon Viarrek ikasketak egin zituen arte dramatikoaz eta komunikazioaz, eta doktoretza ikusentzutekoez. Baita pentsatu ere, ez ote zen ordua salatzeko, bere familia ardatz hartuta, ETAren zentzugabekeria kriminala, euskal gizarteak ez ikusi egitea eta ETArengandik alde egindakoak traidoretzat jo izana… bide batez indarkeriarekin bat ez zetorren euskal abertzaletasuna kritikatuz.

Mutikotako bideo-grabazioez eta zenbait telebistaren artxibo-irudiez gainera, dokumentala oinarritzen da bi iritzi-eremutan. Batetik, Iñaki eta Jon Viar aita-semeen ikuspegietan eta, bestetik, Teo Uriarte, Javier Elorrieta, Mikel Azurmendi, Jon Juaristi eta Ander Landabururi beren-beregi egindako elkarrizketetan.

Laburtu beharraren beharrez, Viartarren ekarpena surrealista samarra da eta elkarrizketatuen lekukotasuna, ostera, gustatu edo ez, sentikorra, zentzuzkoa, esanguratsua eta adierazgarria.

Aita-semeak, bakoitza bere logikaz, interesatuegiak daude aldez aurretik frogatu nahi dutena frogatzeko, eta gehiegikeriak mesede baino kalte egiten dio aldarrikatu nahi duten mezuari. Jon semeak zazpikiegi darrai, umetako traumak eta obsesioak gainditu ezinik. Eta aita, berriz (eztanda egin ez zuen lehergailua jartzeagatik zazpi urtez espetxeratua), sasiegiak kontatzera eta erdipurdiko handikeriak esatera behartuta sentitzen da, orain mailako “traidore” izateko, aurretik behar baino errudun apalagoa ez ote zen izan beldur.

Aukeran, nik nahiago Teo Uriarte, Javier Elorrieta, Mikel Azurmendi, Jon Juaristi eta Ander Landabururen lekukotasun sendo eta arrazoitua. Gonbidatuek erreskatatzen dute etxekoen menu galdua. Beraiek, eta ez bestek, salbatzen dute benetan ikustea merezi duen “Traidores” dokumentala.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: