Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Larregikeriak ez du argibiderik eskaintzen

Larregikeriak ez du argibiderik eskaintzen

Amatiño 2020/10/31 09:00
Gizon-emakumeen arteko harremanak direla-eta, ez da gero gaur egun erraz aurkitzen kontakizunik, non emea arra baino ergelago, ganorabakoago, harroago eta aluago azaltzen den. Ez da joera.

Horregatik, behar bada, ohitura faltagatik-edo, harrigarri samar gertatzen dira, ”Regreso a Hope Gap” filmean (2019), batetik emaztearen (Annette Bening) oreka urria, errealitate-zentzurik eza eta histerismo-puntua, eta, bestetik, senarraren (Bill Nighy) sosegu idor, hits eta sumagaitza.

William Nicholson (1948- ) idazle eta gidoilari entzutetsuak aitortu bezala, filmaren oinarriak haren gurasoen dibortzioa izan du gogoan eta, hartara, gaztetan bere etxean bertan ezagutu izan zuen egoera latza. Gertatzen da, ordea, zuzendariak bere gaztaroko kontuak erakarri nahi izan dituela Wikipedia-garaietara, eta dibortzioa inondik ere ulertzen ez duen emaztearen ahotan gidoiak jartzen dituen hainbat logika eta argudio ez direla mende honetakoak.

Nago, filmak islatzen duen giroa erabat arrotz eta zaharkitu irudi badakieke 50 urtetik beherako espainiar belaunaldikoei (ez da-eta alferrik gure dibortzio-legea 1981ekoa), zer ez ote zaien irudituko Britainia Handiko ikusentzuleei, hango legea, barrena, 1857koa baita.

Hartara, bostehun urteko tradizio anglikarraren ondotik, emaztearen erreakzio txoro eta txaplata zilegiztatzeko-edo, gidoiak katolikotzat aurkezten digu protagonista eta, horrela, harako egoskorkeria ez dio emakumeari bakarrik leporatzen baita, bide batez, “kyrieka”, pentsamendu katolikoari ere.

Zer nahi delarik, emakumearen papera sinesgaitza gertatzen da, neurriz kanpokoa, gehiegikeriez josita, zurruna, zeharo milika, histrioniko samarra. Eta senarra, berriz, ia hogeita hamar urteko pazientziaren pazientziaz, ahalik eta zuhurren jokatu nahi duen gizon isil eta barrenkoia, isilegi eta barrenkoiegia. Bien artean, semea, nora ezean, zer egingo asmatu ezinean. William Nicholson bera gaztea zenaren gomuta ote?

Emakume asko eta asko zuhur eta lur utziko dituen filma, nahiz Annette Bening eta Bill Nighy bikotearen antzezlanak, batere aitzakiarik gabe, primerakoak izan. Baldin helburua bazen zoriontsu-antza iruditu arren asper antzuan bizi diren senar-emazte helduen basamortu luzea ulertaraztea, larregikeriak ez du argibiderik eskaintzen, sinesgaiztasuna areagotu baizik.

Edozein modutan, paisaia bai apartekoa bezain benetakoa. Seaford (Sussex) herria ez da fikzioa. Izan bada, Ingalaterrako hegoaldean. Eta bertako kretazko (kaltzio karbonatoa) itsaslabar zuri-zuriak, erabat ikusgarriak.

Regreso a Hope Gap
Annette Bening eta Bill Nighy. Barrenean, Hope Gapeko itsaslabarrak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: