Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gehiegi beti da lar

Gehiegi beti da lar

Amatiño 2010/04/11 22:00
Ez dakit irakurleak bart ikusi ote duen Barça eta Madriden arteko futbol-partida. Eta, ikusiez gero, ezer berezirik edo aldaketa nabaririk sumatu ote duen. Nik, egia esan, plano zenitala edo izan ezik, ezer gutxi nabarmen-nabarmenik, nahiz eta aldez aurretik horretarako propio jarri eta sekulako ikuskizuna begiztatzeko itxaropenetan telebista aurrean ernai asko eseri.

                 messi

Atzokoan Lasexta telebista-kateak hamasei inguru kamera jarri omen zituen Santiago Bernabeu futbol-zelaian bertan, zenitala (goitik beherakoa), super slow motiona (geldoa) eta steadycama (altzokoa) tarteko. Ni ez naiz inoiz ezein kirol-emanalditan errealizatzailearenak egiten jardun eta, horretara, ez naiz aproposena balorazio estu-mestutan aritzeko baina, gutxi zein asko inguru horretan ibili izan garenok konturatzeko gauza ez bagara… zer ikustatu ote dezake senitartean edo taberna-zuloan jendez inguratua dagoenak?

Telebistan futbol-partida itxuraz emateko zenbat kamera behar ote diren ez dago inon idatzia. Lauzpabost kamerarekin ohiturik dagoenak ez luke zer egin ere jakingo bat-batean bere mendean hamasei jarriez gero. Atzokoan hamaseirekin aritu zenak, ordea, ez lioke sekula hamazazpigarrenari muzinik egingo. Produktoreek errealizatzailearen eten gabeko eskabideei amain emango baliete gastuen aurrekontuak ez luke sekula amaierarik izango.

Duela 25 urte luze ETBn futbola emateari ekin genionean, normalena hiruzpalau kameraz aritzea izaten zen eta errealizatzailea bosgarrenaren eske etorri zitzaidanean zera gogorarazi nion: garai hartan Reykjaviken jokatutako Islandia eta Espainiaren arteko partida ofiziala (1984?) kamera bakarraz eskaini zuela Islandiako telebista publikoak. Bosgarrenik gabe alde egin behar izan zuen bulegotik baina ez dut uste batere konbentzitu nuenik.

Pilotan ere beste horrenbeste edo antzerako. Hasi, pare bat kamerarekin hasi ginen eta gaur egun, finalik handienetan, zazpi-zortzi erabiltzen omen dira. Sekula historian grabatu den lehen pilota-partida, ordea, kamera bakarraz grabatu zuen Antonio Sarasuak Astelena pilotalekuan, 1948an Gallastegik Atano III.ri irabazitako finala. Eta ez kantxako jarrilekuetatik, errebotetik baizik. Gezurra dirudi baina “tenis-sindromea” gainditzeko sistemarik aproposena da.

Bai, zer gerta ere, gauzek euren topea dute. Gero eta gehiago behar izana ez da profesionaltasunaren adierazgarri, gaitasunik ezaren seinale baino. Gehiegi beti da lar. Gutako edonork bereizten ditu eskailerapeko eta erreserbako ardoak, baina nik ez dut uste batere erraza denik 50 eta 100 euroko botilen artean asmatzea. Ezta beharrezkoa ere.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: