Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gazteak irakurzaletu beharra-edo

Gazteak irakurzaletu beharra-edo

Amatiño 2022/11/23 09:40
Bada gazteriak “lehen” baino gutxiago irakurtzen duela uste duenik. Ez dakit nik zer den “lehen”. Ez dago batere argi, elektronika hedabideetan sartu ostean jendeak irakurtzeari utzi ote zion. Eztabaida Ipar Ameriketan hasi zen 1950eko hamarkadan, telebistaren ustezko kalteak zirela-eta. Baina, 70 urte geroago, inork ez du uste XXI. mendeko belaunaldi gazteak XX. mendearen hasierakoak baino gutxiago irakurtzen duenik. Ez gurean, behintzat.

Eduardo Mendoza idazle arrakastatsuak eskoletako ikasleak irakurtzera derrigortu beharra aldarrikatu zuen aurreko ostegunean, Literaktum egitarau barruan Donostian egindako solasaldian. “La letra con sangre entra” delako atsotitza bota zuen eta, esan bezain laster damu antza agertu arren, ez zuen erabat atzera egin. Alegia “behar bada ez dago hain garratz esaterik baina, balentzia kimikoen taula derrigorrez ikasi behar baldin bada, ez da izango entretenigarria delako, ezta?”

Hain zuzen, gazteak literaturan zaletzeko eta irakurzaletasuna areagotzeko egitasmoez hainbat hausnarketa eta proposamen egiten ditu Miren Billelabeitiak literatura-irakasleak NORBERAK MAITE DUENA. Hitza gogoan, irakurketa biziz (Pamiela, 2022) saiakeran, non hainbat hamarkadatako irakasle-esperientziaren berri ematen duen: “borondatez irakurri behar dela esaten da. Borondatez bai, baina borondatea ere landu egiten da”.

Zentzu honetan, irakurketaren pedagogian interesatuak daudekeen irakasleentzako gogoeta-sorta bildu du Billelabeitiak eta, murriztu beharraren beharrez hiruzpalau ideietan laburbiltzekotan, horra non Mungiako Institutuko irakasleari egokitu zaizkion ikasleak...

-- sarri arinegi gutxiesten ditugun gazteak baino ganoratsuagoak diren;

-- irakurzaletasuna hizkuntza lantzearen ildotik datorkeen;

-- eta emaitzek gehiago zor dieten gelako solasaldi-giroa ereiteari, elkarkidetzari eta lantaldean suspertutako interesaren etekinari, bakarkako ahaleginari baino.

Aldi berean adierazgarri, egoki iritzi arren idazleak euren liburuen aurkezpena egiteko ikasleekin aurrez aurre gelan biltzeari, Miren Billelabeitiaren eskarmentuz nabarmen emankorrago izan omen daiteke, antza, ikasleei itaun-aukera irekia eskaintzea, idazleei artez arte edozertaz galde diezaieten. Esaterako, zergatik idazle? Zein asmoz? Zelan gaia edo argumentua hautatu? Baita ere edozein barne-burutapenez, kritikaren erasanaz, lanbidearen zailtasunaz edota bestez.

Bada, amaitzeko, beste faktore bat, Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sarietan aurtengo aitormena jasotzerakoan Arantxa Urretabizkaiak bidenabar esan zuena. Alegia, liburuak irakurtzen ez ezik, erosten ere erakutsi egin behar zaiela gazteei... eta ez hain gazte direnei. Liburua eskola-tresna bat gehiago baino ez baldin bada, udal-liburutegian musutruk lortzen den pieza eta gizartean jakineko baliorik ez duena… Ba, horixe, balio ez duenak ez duela balio. Ez al gara ba,  irudi eta ispilu-munduan bizi?

Esan nahi baita: zergatik egungo nerabeek irakurri behar dute, euren gurasoek ez baldin badute irakurtzen? Zergatik erosi behar dituzte liburuak, gurasoek ez badituzte erosten? 1960 eta 1970eko hamarkadetan telebistak gazteen irakurzaletasuna eragozten ote zuen, ala ez, eztabaidatzen zen garaietan, hainbat adituk esan ohi zuen, arazoa ez zela telebista etxeko egongelako hormarik nagusienaz jabetzea, telebistaren inguruko arasa eta apaletan batere libururik ez ikustea baino. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: