Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gazta zaharrik ezean, burdina

Gazta zaharrik ezean, burdina

Amatiño 2021/12/07 09:00
Teruelgo adiskide mendizalea izan dut berriki etxean. Aspaldi zen Euskal Herrira etortzekotan, Gernikako Arbola, Gaztelugatxeko Doniene eta Guggenheim Museoa behingoz ezagutzeko. Hona bada non, azkenean, etorri zaidan eta, lege zaharrari eutsiz, bere sorterriko gazta galtzarbean dakarrela etorri den. Maestrazgo eskualdeko gazta, Tronchon deritzona.

Gazta benetan ona, sendoa, irmoa, nortasun handikoa, jateari ekin eta nekez lagatzen diren horietakoa izaki, Tronchon da urte askotako pedigria duena, Cervantesek berak eredutzat adierazi baitzuen, 1615an, On Kixote Mantxako nobelaren bigarren argitaraldian.

Euskaldunok ez gara hutsaren hurrengo gazta-kontuan baina, horratik, ez dugu horren erreferentzia zaharreko gaztarik. XIX. mendeko erromantizismoak eraman gintuen euskaldunok garo-giroa handiestera, baina, oso oker ez banago behintzat, gure nazioarteko  erreferentziak zaharrak ez dira nabarmen baserritarrak.

Besteak beste, Brujasen oraindik orain dirauen Bizkaitarren Plazak (Bizkayers Plaatz) XV. mendeko euskal merkatariak ditu gomutan; Ternuako “Portuchoa” eta “Oporportua” toki-izenak XVI. mendeko arrantzaleen lekuko dira eta, “Hamlet” (1601) tragedian edo “Windsorreko emazte alaiak” (1602) komedian, Shakespearek aipatu zituen “bilboak” euskal burdinolen gogoangarri dira.

Seguru, gero, abelzaintza eta nekazaritza direla euskal jardunbiderik zaharrenak, baina Julio Caro Baroja tarteko, Garibairi jaramonik egingo badiogu, Debarroko eta beste zenbait euskal eskualdetako industrian baino ez ditugu aurkituko, XVI. mendetik aurrerako  gizarte modernoaren agerpenak.

La rendicion de Breda
LA RENDICION DE BREDA –El cuadro de las lanzas— (Velázquez, 1635). Jose Antonio Azpiazu historialariak iradokitzen duenez, barreneko pikak (lantzak), garai hartan, Debabarrenean baino ez ziren egiten.
Sosola
Sosola dio:
2021/12/08 20:01
Halaxe da bai, baserria, izatekotan, babes-leku; gose, izurrite eta gerretatik ihesi atzerriratu ez zirenen aterpe; eta ez da gutxi, izan ere, alde egindako asko eta asko beste herrialdeak arpilatzera joan bait ziren. Beraz,baserria eta euskaldunen mitoa oraindik barru-barruan iltzatuta dugun arren,bada garaia historia osoa ezagutu eta dibulgatzekoa, bai. Agian horrela, hainbat galderari erantzuna aurki geniezaieke, besteak beste,euskeraren biziraupenaren ingurukoeri, eta ondorioz etorkizuneko gure estrategiak fintzeko aukera genukake hizkuntza zein bestelako arloetan. Baserritar honek uste.
Amatiño
Amatiño dio:
2021/12/08 23:21
Ez zen--eta ez da-- nire asmoa baserria eta baserritarrak gutxiestea, baserriaz gainera beste zerbait ere izan dela historian zehar gogoratzea baino, Debarroan behintzat.

Eta, hain zuzen ere, begirune osoz, lau aitona-amonak baserritarrak izan zituen kalekume honi zilegi bekio pentsatzea, Debarroko (eta Eibarko) euskararen biziraupena bertako baserritarrei zor zaienik uste izatea erromantiko samarra dela.
Sosola
Sosola dio:
2021/12/09 08:51
Erromantiko idealista hutsa, eta nere kalterako, ironia barik ari naiz eta aritu naiz aurrekoan. Hain zuzen, erabat ados nagoela diozunarekin. Baserria eta euskaldutasuna gehiegi lotu izanaren kaltea azpimarratu nahi nuen. Euskalduna ez da baserritarra izan. Merkatari, militar, manufakturatzaile, arrantzale eta kolonizatzaile/konkistatzaile. Horregatik, nioen euskera ere isolamenduak baino harreman eta truke "egokiak" salbatu duela, mailegutzak besteak beste. Horra ikasgaia.

Ilargiak itsasoari nola, halaxe eragiten dit neri ere unean uneko nere itakurketek. Orain, "Latinoamerikako zain urratuekin" marea goian darabilt.
Colon eta Mayflower- en arteko aldea.
Batzuk konkistatzera besteak kolonizatzera. Gero gerokoak. Eta hor ere nekazaritza-ereduen garrantzia ondorengo garapen industriala erabat baldintzatu zuena.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal