Gazta zaharrik ezean, burdina
Gazta benetan ona, sendoa, irmoa, nortasun handikoa, jateari ekin eta nekez lagatzen diren horietakoa izaki, Tronchon da urte askotako pedigria duena, Cervantesek berak eredutzat adierazi baitzuen, 1615an, On Kixote Mantxako nobelaren bigarren argitaraldian.
Euskaldunok ez gara hutsaren hurrengo gazta-kontuan baina, horratik, ez dugu horren erreferentzia zaharreko gaztarik. XIX. mendeko erromantizismoak eraman gintuen euskaldunok garo-giroa handiestera, baina, oso oker ez banago behintzat, gure nazioarteko erreferentziak zaharrak ez dira nabarmen baserritarrak.
Besteak beste, Brujasen oraindik orain dirauen Bizkaitarren Plazak (Bizkayers Plaatz) XV. mendeko euskal merkatariak ditu gomutan; Ternuako “Portuchoa” eta “Oporportua” toki-izenak XVI. mendeko arrantzaleen lekuko dira eta, “Hamlet” (1601) tragedian edo “Windsorreko emazte alaiak” (1602) komedian, Shakespearek aipatu zituen “bilboak” euskal burdinolen gogoangarri dira.
Seguru, gero, abelzaintza eta nekazaritza direla euskal jardunbiderik zaharrenak, baina Julio Caro Baroja tarteko, Garibairi jaramonik egingo badiogu, Debarroko eta beste zenbait euskal eskualdetako industrian baino ez ditugu aurkituko, XVI. mendetik aurrerako gizarte modernoaren agerpenak.