Gauzen Interneta ala... Interneten gauzak baino ez?
Hiru urte dira Jeremy Rifkin-ek argitara eman zuela 'The Zero Marginal Cost Society' eta, geroztik, areagotu eta indartu baino ez dira egin estatubatuar ekonomialariak orduan iragarri zituen joerak. Egun ez du inork zalantzan jartzen, honezkero zenbait informazio arlotan zein euskarri digitaletan argiro islatu den doakotasuna (kostu marjinal zero) beste zenbait sektoretan ere barreiatuko dela.
Izan ere, nagusitzen ari diren joerak gero eta nabarmenagoak diren arren, nabaritu ere nabaritzen da, aurreko Industria Aroak sortarazi zituen monopolioak eragiteko arrisku berberak dituela oraingo teknologia digitalen sistemak ere.
Hau da, zorioneko gauzen Internetak (The Internet of Things) hiru esparrutan hedatzekoa baldin bada (komunikabideen Interneta, energiaren Interneta eta garraioen Interneta), honezkero begi-bistakoa da lehendabizikoa, komunikabideen Interneta, XIX. eta XX. mendeetako konpainia erraldoien ildo bertsutik ari dela, arrapaladan, abiatzen.
Alegia, Industria Aroak automozio, petrolio eta argindar-enpresa handi-mandiak (General Motors, Exxon Mobil, General Electric…) erakarri zituen legez, Teknologia Berrien Informazio Gizarteak ere Apple, Microsoft, Facebook, Twitter eta Amazon bezalakoak eragin dituela. Beste modu batez esanda, teoriaz, Google merkatuan dagoen hautu libre bat gehiago baino ez den arren, praktikan da sekulako monopoliorik handiena… zeini, gainera, gure datu guztiak musu truk eskaintzen dizkiogun, irribarrez, eskuzabaltasunik oparoenaz.
Horretara, gauzen Interneta ondo dago, polita da, limurgarria, demokratikoa, baita, behar bada, liriko samarra ere… Baina, horratik, galdera larria ezin bestekoa da: komunikabideen Internetak monopolio (natural-natural) izaten amaitzeko itxura guztia baldin badu… zergatik ez dute berdin amaituko energiaren Internetak eta garraioen Internetak eta, beraz, gauzen Internet osoak?
Gauzen Interneta omen, mende honetako lehen iraultza. Baina, 'gauzen Interneta', azkenean, 'Interneten gauzak' baino ez balitz?