Gauzak ondo egiteko modua
Eusko Jaurlaritzak Naturgas Energia-n dituen akzioak salduko dizkio Hidrocantábricori (EDP) 532 milioi euroren truke, eta %5ekin baino ez da geratuko, gas-konpainiaren egoitza Euskadin gelditu dadin segurtatzeko. Honela “amaiera” ematen zaio 1982an hasitako ekimen publiko eredugarriari.
Garaikoetxearen lehendakaritzapeko aurrenengo Eusko Jaurlaritzak 1982an sortu zuen EVE (Energiaren Euskal Erakundea), Javier García-Egocheaga Industria sailburu (1980-1983) zelarik. Donostiar ekonomilari gazte (41 urte) hura erabat jabetu zen Euskadik zuen energia-mentsaz eta azken hiru hamarkada honetako energia-estrategiaren zutabeak jarri zituen abian.
Gaur egun edozein etxetan dugu gasa, baina 1982an espainiar sarearen azken muturra Gasteizeraino besterik ez zen heltzen, Bilbo eta Donostia baino ez ziren “hiri-gasik” zutenak eta Iparraldea beste galaxia batean zegon. Ekimen pribaturik ezean kapital publikoak etorri behar izan zuen merkatua suspertzeko eta sekulako aldaketari ekiteko: gas-hodia herririk herri barreiatu, Akitaniako sarearekin bat egin eta Bilboko portutik hirugarren sarbidea segurtatu.
Hogei urte geroago (2003), Josu Jon Imaz Industria sailburu zela, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen ekimen publikoak egin beharrekoak eginak zirela eta, ahal zelarik behintzat, Administrazioari ez zegokiola etxez etxeko gas-zerbitzurik kudeatzea. Horrela, EVEren gas-ondarearen %65 saltzea erabaki zuen 537 milioiren truke. Orain, berriz, beste hainbat premiatarako dirua behar delakoan edo, Jaurlaritzak beste %25 saltzea erabaki du 532 milioitan.
Laburbilduz, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoa gas-sare inbidiagarriaren jabe da; Aljeriarekin, Europarekin zein Amerikarekin (Trinidad-Tobago) lotura du; ogasun-egoitza euskal lurraldean duen gas-konpainiak (Naturgas) 850.000 bezerooi zerbitzua eskaintzen digu eta Administrazio Publikoak –azken hamabost urteotan dirua irabazteaz gainera— 1.069 milioi euro eskuratu ditu.
Ekimen publikoak egindako praktika eredugarrien “liburu zuririk” egin behar izango balitz, EVEren bitarteko Eusko Jaurlaritzaren gas-jestioa azpimarragarrienetakoa litzateke.
Diktadura osteko lehen Jaurlaritza. Bigarren errenkadan, bosgarrena, Javier García-Egocheaga