Gauzak dagozkien izenez aipatzeko beldurra
Ingelesezko tituluak (Barney´s version) gaztelaniazkoak (El mundo según Barney) baino egokiagoa ematen du, filmaren nondik norakoa ez baita Barneyk bizi dituen giza-harremanak edo bere inguruan ibili dabilen mundua, bere buruak egiten eta egiteke uzten dituenez Barneyk berak duen bertsioa baizik.
Film honek Donostiako Zinemaldiaren Publikoaren Saria irabazi zuen orain hurrengo eta, beraz, esan beharrik ere ez gero jendearen gustuko denik. Zenbait kritikari eta adituren ustez filmaren lehen partea azkena baino hobea omen da, neri ordea askoz ere gehiago gustatu zait bigarrena, erromantiko samarra naizenaren adierazgarri segurutik. Neri amaiera onak gustatzen zaizkit eta Richard J. Lewis zuzendariaren film-amaiera ez da behar bada sekulako onena, baina bai Barney bezalako alproja batek ames ditzakeen onenetakoa.
Barney (Paul Giamatti) ez da inondik ere heroia, baina ezta anti-heroia ere. Ez da ezelan ere irabazlea, baina ezta galtzailea ere. Barney askorik merezi ez dituen lorpenak erdiesten dituen tipoa da, eta aukerarik onenak ganora barik alferrik galtzen dituenenetakoa. Gutako hainbat bezalatsu.
Barneyren munduan denetarik dago, kemen gutxi, lagunak urri, ardura eskas, iruzurra dezente, mozkorraldi asko eta burugaltze nabarmena. Baina inork ez ditu jarrera edo egoera horiek dagozkien izenez bataiatzen: alferkeria, leialtasunik eza, gezurra, alkoholismoa, Alzheimerra… Nonbait Barneyren mundua ez da Barneyrena soilik.
Azpimarratzekoa makillaje-lana. Paul Giamatti eta Rosamund Pike ezagutuko ez bagenitu, ez genuke sekula jakingo aktore-aktoresa gazteak zahar gaztetuak diren, ala zaharrak gazte zaharkituak ote.
Paul Giamatti, Urrezko Globoa aktorerik onenari