Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Sinatua, Zaragozan, Hidrogenoaren Ebroko Korridorea

Sinatua, Zaragozan, Hidrogenoaren Ebroko Korridorea

Amatiño 2022/04/04 22:40
Hidrogenoa energiatzat erabiltzeko teknologia ez da berria. Aragoiko Hidrogeno Fundazioa 2003 urtean sortu zen eta gure inguru-minguru honetako 500 kilometrotan hidrogeno ekoizlerik handiena (barne kontsumorako bada ere) Petronor findegia da. Berria dena zera da, hidrogeno berriztagarria lortzeko aukera eta azken urteotako krisialdiek erakarri duten energia-eskabidearen hazkundea.

Afrikar atsotitzak zera dio, “azkar ibili nahi baduzu, ekin bakarrik. Baina urruti heldu nahi baduzu, aurki itzazu bidai-lagunak”. Eta asmo honetan, gaur aurkeztu eta sinatu da, Zaragozan, Hidrogenoaren Ebroko Korridorea, zeinetan elkarrekin bildu diren Euskadiko, Nafarroako, Aragoiko eta Kataluniako (1) gobernuak eta, era berean, aipatu lau autonomietan (2) azken bizpahiru urteotan osatu diren tokian tokiko korridoreak eta berauen baitako enpresa eta teknologia-ekimen pribatuak. Egitasmoak Espainiako Trantsizio Ekologikoaren Ministerioaren zein SHYNE (Spanish Hydrogen Network) partzuergoaren (3) laguntza du.

Ikerkuntzaren alorrean Aragoi izan baldin bazen aitzindaria (4),  enpresa-ekimenetan, berriz, Euskal Autonomia Elkartea, aurrena. Honezkero 73 enpresa eta erakunde biltzen ditu Hidrogenoaren Euskal Korridoreak, 1.500 milioi euro besteko inbertsioaz 2026 arte, 2.000 lanpostu zuzen sortzeko eta zeharreko beste 6.700 eragiteko xedeaz. Landu beharreko arloak zehaztekotan: hidrogeno berriztagarri eta erregai sintetikoen ekoizpena; mugikortasuna eta banaketaren logistika; industriaren deskarbonizazioa; hiri-zerbitzu eta kontsumoak; azpiegitura; industria eta teknologia garapena; eta sortuko diren lan-arlo berriek behar izango dituzten profesional egokien  trebakuntza, unibertsitate-ikasketetan zein Lanbide Heziketan.

Hau guztia ez da egun batetik bestera egingo. Baina ez balitzaio ekingo, ez litzateke sekula lortuko.  IBIL (auto elektrikoa bultzatzeko erakundea) 2010 urtean sortarazi zuten elkarrekin Euskal Energia Erakundeak (EVE) eta Repsolek.  Ez dut sekula ahaztuko aurkezpenera bertaratu ginen kazetarion eszeptizismoa. Prozesu hauek oso luzeak dira, eta koiuntura aproposak behar izaten dituzte aurrera egin eta mamitu ahal izateko.

Zer gerta ere, badirudi hidrogenoaren unea dela. Hurrengo hamar urteetan ez omen dugu hidrogenoz ibiliko den (batere?) autorik ikusiko, baina, hamarkada hau amaitu aurretik bai, segurutik, autobusak, kamioiak eta trenak hidrogenoz elikatuak. Baita, berokuntza-sistema kolektiboak ere. Eta, ikusi ez arren, hori guztia bezain garrantzitsua dena: energia-kontsumo intentsiboko enpresen deskarbonizazioa.

Ebroko Hidrogeno Korridorea
Hainbat euskal erakunde eta enpresaren zenbait ordezkari, gaur, Zaragozako aurkezpenean.

(1) Egitasmoa, mugaz handik,  Akitania Berrian zehar hedatzeko asmorik ere bada.

(2) Lau autonomiek, elkarrekin, espainiar hiritarren %25a biltzen dute, baina industria osoaren %30a.

(3) Besteak beste elkartzen ditu, Repsolez gainera, Alsa, Bosch, CELSA Group, Enagás, Scania eta Talgo mailako enpresak.

(4) Prototipo gisa, indarrean dute hidrogenoa lortzeko sistema txikia, pare bat hidrogeno-auto eta, jakina, autoak hidrogenoz kargatzeko "hidrogenotegia". 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: