Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gaur jai… zergatik ote?

Gaur jai… zergatik ote?

Amatiño 2016/10/07 00:05
Gaur jaieguna da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ni oker-oker ez banago, nire seme-alaben giroan behintzat, gaur jai egingo duen jenderik gehienak ez daki zergatik egingo duen. Behar bada, sumatzen dute arrazoi politikoren bat-edo tartean dela, baina nekez gehiago.

Herenegun aurkeztu zen, Lehendakari eta guzti, “El primer Gobierno Vasco. 1936-1937” izenburupeko liburua, non sei historialari (Leyre Arrieta, Eider Landaberea, Miren Barandiaran, Iñaki Goiogana, Asier Madarieta eta Jose Antonio Rodríguez Ranz) elkarrekin bildu diren, 1936ko urriaren 7an. Gernikan sortu zen lehen Eusko Jaurlaritzaren ekarpena bilbatzeko.

Batere txantxetako gerra-garaia zen. Sasoi zaila, zailik bazen. Kinka hartan, sekula izandako lehen Eusko Jaurlaritza osatu zen. Espainiar Errepublikako Gobernuaren eta EAJren arteko “entente cordiale”z, Jose Antonio Agirre lehendakariak hamar sailburu bildu zituen bere inguruan. Abertzaleak, sozialistak, komunistak eta errepublikazaleak, elkarrekin: Santiago Aznar (Industria), Ramon M. Aldasoro (Merkataritza eta Hornikuntza), Alfredo Espinosa (Osasuna), Jesus M. Leizaola (Justizia eta Kultura), Telesforo Monzon (Gobernazioa), Juan de los Toyos (Lan, Aurreikuspen eta Komunikazioa), Eliodoro de la Torre (Ogasuna), Juan Astigarribia (Herri-lan eta Garraioa), Gonzalo Nardiz (Nekazaritza) eta Juan Gracia (Gizarte-laguntza).

Bederatzi hilabete iraun zuen lehen esperientzia harek erbestetu egin behar izan zuen 1937ko ekainean. Agirre lehendakaria atzerrian hil zen 1960an; haren aginte-makila Leizaolak hartu zuen eta, 1979ko abenduaren 15ean, 83 urte zituela, Sondikara hegazkinez heldu eta sekulako ongietorri gogoangarria egin genion Bilboko San Mames futbol-zelaian. Biharamunean, Gernikako Junta Etxean, Carlos Garaikoetxearen eskutan utzi zuen 1936ko urriaren 7an. sortutako lehen jaurlaritzaren lekukoa.

Azken hitz gisa: “11 izan ziren. 10 erbestera joan ziren  –Espinosa lehenago fusilatu zuten--. Haietatik seik –Gracia, De la Torre, Aldasoro, Aznar, Toyos eta Agirrek—  ezin izan zuten bete beren ametsa: Euskadira itzultzea. Lauk –Monzon, Leizaola, Astigarribia eta Nardizek— lortu zuten. Guk gaur ezin dugu ezer egin amets haiek betetzeko, baina hondar aletxo bat jar dezakegu, eta jarri nahi dugu: haien historia konta dezakegu, beren oroimena ohoratu, eta gaur, 2016ko urriaren 7an. hauxe esan diezaiekegu, bihotzez, euskaldun guztien izenean: eskerrik asko!”

EuskoJaurlaritza1936

Hamaika izan ziren, 1936ko urriaren 7an, lehen Eusko Jaurlaritza osatu zutenak. Abertzaleak, sozialistak, komunistak eta errepublikazaleak, elkarrekin

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: