Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gau magikoa: Harmonices mundi

Gau magikoa: Harmonices mundi

Amatiño 2023/08/16 09:50
Bada liburua Juan Ignacio Pérez Iglesias katedradunak iazko irailean (Naukas, 2022) aholkatu zidana: “La lira desafinada de Pitágoras. Cómo la música inspira a la ciencia” (Almudena Martín, 2022), zeinetaz Pedro Miguel Etxenikek esan zuen: “Me ha encantado. Tiene erudición, alta competencia y elegancia, ¡tiene armonía!”.
Gau magikoa: Harmonices mundi

Satelite-trena

Pitagoras, zientzia, musika, matematikak, harmonia…. Guztia, zuzenean, Edurne Aizpun (harpa) eta Ekhi Ocaña (xirula) musikariek eta Javier Armentia eta Joaquín Sevilla zientzialariek elkarrekin eskaini zuten kontzertuan: “Harmonices mundi”. Aurreko igande iluntzean, Uxueko gau magikoan.

Harmonices mundi” liburuan (1619), Johannes Kepler astronomo eta matematikariak proposatu zuen, lehen aldiz, planeten mugimenduen eta musika-eskalen arteko harmonia. Ez zuen bere teoria erabat osatzerik lortu, baina gaur egun jakinekoak dira artearen eta zientziaren arteko harremanak eta, Pitagoras, Newton, Galileo eta Kepler bera tarteko,  uka ezinak musika eta matematikaren arteko zer ikusiak.

Zentzu honetan, ezusteko harmonia miraritsuan bildu ziren zeruko argizagi guztiak abuztuaren 13ko iluntzean, Uxueko Uda Ikastaroen amaieran. Alegia, zerua oskarbi gau osoan; Pertseiden (1) etengabeko agerraldiak, han-hemenka;  Javier Armentia eta Joaquín Sevilla bikotearen kontakizunak eta laser-punteroaz zeru-sabaian egindako azalpenak; Edurne Aizpunek,  harpaz,  erakutsitako Pitagorasen liraren formulazioak; tarteka-marteka pasatu ohi diren  satelite artifizialen trafikoa eta, antolatzaileok apropos programatu izan balute bezala, Elon Musk enpresariaren Starlink satelite-konboiaren mendebaldetik ekialderako bat-bateko trantsitoa.

Ondotik, berriz, Nafarroako Astronomia Elkarteko kideen laguntzaz, eta berariaz jarritako sei-zazpi teleskopioren bitartekotzaz, zeruari begiratzeko aukera paregabea. Esaterako: gau izartsuan iparra zelan aurkitu ikasi; konstelazioak, izarrak eta planetak behatu; Saturnoren eraztunak bertatik bertara ikusi; Jupiter noiz azalduko  aldez aurretik iragarri; eta, besteak beste, Artizarra zergatik ez den gauez ikusten behingoz jakin.

Benetan, magiazko gau harmoniatsua.

(1) Done Laurendiren malkoak deitzen diete, santua ospatzen den egunaren (abuztuaren 10ean) inguruan hasten baitira ikusten Pertseidak

Harmonices mundi
Harmonices mundi, abuztuaren 13an, Uxuen, kontu-kantari.
Asier
Asier dio:
2023/08/16 18:08
Politta, eta kontutan hartzeko liburua. Eskerrik asko. Bestalde, Elon Musken sateliteak zergatik ikusten dira toki guztietatik beti lerro bezala, eta ez arku bezala?
Amatiño
Amatiño dio:
2023/08/17 13:07
Ez naiz ni batere jakituna kontu hauetan baina...


1. Zuk ondo diozun bezala, ez "ikusi" arren, arkuan doa, bestela mundu honetatik alde egingo luke.

2. Eta ezin dugu ikusi, arku berean goazelako. Ikusteko, arkupetik irten beharko genuke.
Asier Arregi
Asier Arregi dio:
2023/08/27 22:48
Ni ere ez naiz jakituna kontu hauetan, baina geometrian dexente. Eta ez goaz arku berdinean. Starlinkak teorrian 350 km gorago dagoen arku batean joan beharko lirateke eta perspektiba eta optikaren lege xinpleak aintzat hartuta arkuak ikusgai egon beharko luke. Bistaren arabera gertuago doaz eta lurrarekiko paralelo, lerro zuzenean. Gainera abiadura dexentean doaz...bi aldiz ikusi ditut pasatzen.
Portzierto, lira desafinatu pitagorikoaren liburuarekin nabil. Bikain. Eskerrik asko.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: