Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gasteiztik dator bizkaiera

Gasteiztik dator bizkaiera

Amatiño 2012/04/26 23:00
Hirurehun orrialdetik gorako ikerketa da Koldo Zuazoren azkena: 'Arabako Euskara'. Helburu nagusiaz: “Arabako euskararen egitura erakustea”, egileak berak, hitzez hitz, aitortzen duenez gero. Araban bertan sortua eta Bizkaian, Deba arroan zein Ameskoa, Burunda eta Lana nafar ibarretan barrena barreiatutako euskalkia.

Arabaren gainean, besteak beste, oinarrizko ideia bi eman izan dira ontzat azken mendeotan. Batetik, Armentia zela, Erdi Aroan, euskal mendebaldeko kristautasunaren ardatza eta garai hartan, hain zuzen ere, biztanle-kopurua handiagoa zela barrualdean, itsasaldean baino. Bestetik, euskara Bizkaitik zein Gipuzkoatik joan izan dela Araba aldera. Baina, hau guztia zuzena balitz, ezinbesteko galdera zera litzateke: jendeak barrualdetik itsasaldera jo bazuen eta kristautasuna iparralderantza zabaldu… nola arraio egin ote zuen euskarak alderantzizko bidea?

Koldo Zuazori jaramonik egingo badiogu, Araba da mendebaleko euskalkiaren ardatza: “Kontuan eduki behar da <…> Gasteiz izan zela, XI. mendetik aurrera, mendebaleko hiri nagusia. Mende horretan sortu zen, hain zuzen, Arabako elizbarrutia. Bertan batu ziren Araba, Bizkaia eta Deba ibar gehiena <…> Bizkaian, berriz, ez zen maila horretako hirigunerik askozaz geroago arte sortu <…> Bilboren handitasuna XIV. mendeaz gerokoa da eta mendebaleko euskalkia egituratua zegoen orduko”.

Zuazok berak Araban sortu eta Gasteiztik zabaldutako hainbat berezitasunen berri ematen du: aldapea/aldapa, etxerik etxe/etxez etxe, jan egizu/ jan ezazu, arrazoirik ez daukazu/arrazoirik ez duzu, geratu zaitez/gera zaitez, izara-lapiko-padura/maindire-eltze-zingira, baltz-barri-gaztai/beltz-berri-gazta, huri-kerexa-narru-txixa/hiri-gerezi-larru-pixa, ederto/ederki, atxa/haitza, alkarregaz/elkarrekin, ikustearren/ikusteagatik,  edonor/norbait, jako/zaio, dagoz/daude,  deust/dit, etab. etab.

Tira, hirurehun orrialde, bata bestearen ondotik, orrialde asko dira… Arabako lexikoa, aldaerak eta Arabako gaztelanian erabiltzen diren euskarazko hitzen zerrenda, guztira, 115 orrialde inguru. Sekulako altxorra gero. Lasai hartu.

Arabako euskara
Jaime
Jaime dio:
2012/04/27 17:02

Oso interesgarria iruditzen zait zuk idatzitakoa. Gogora dakarkidazu, orain dela urte mordo bat, Bittor Kapanagakin eman nuen arratsalde gogoangarria zeinean Arabako euslkalkia izan baizen solasaldiaren ardatz nagusia. Berak zioenez, Legutio eta Aramaioko bailaran mintzatzen den euskalkia bizkaiera dela eta, XVII.mende arte, Araba osoan barreiaturik zegoela. Guztiz garrantzitsua dirudi Koldoren teoria iraultzaile horrek. Milesker liburu hau aipatzearren. Erosiko dut!! Izan untsa.

Amatiño
Amatiño dio:
2013/02/18 17:17
"Baldarra" adiera agertzen da Koldo Zuazok ("Arabako euskara", 2012) bildutako hiztegitxoan. Hau da, egungo arabarren arteko gaztelaniazko jardunean bizirik dirauen hiztegian.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: