Gasolina merketzeko modua
Bakoitzari berea. Behar bada findegiak inori batere penarik emango ez dioten konpainia galantak dira baina, hau egia izanda, egia ere bada jendeak ez duela batere informaziorik erregaien prezioaren nondik norakoaz.
Datuak datu, kontsumitzaileak gasolinatan xahutzen duen 100 eurotik 50 zergak dira; beste 40 euro petrolioaren kostu-prezioa; logistika, banaketa eta zerbitzua, 8 euro. Eta geratzen diren azken biak, berriz, findegiarentzat. Hau da, petrolio gordina erosi eta motorrek erabili dezaketen errekinetan bihurtzeko, findegiei merkatu-prezioaren %2 baino ez zaie geratzen.
Gero, %2 horretatik, findegiek inbertsioak egin behar dituzte, instalazioak indarrean jarri, langileei soldatak ordaindu eta gainerako gastuei aurre egin. Zalantzarik ez, jakina, nahiz eta litroko zentimo bat baino ez irabazi, milioika litro gasolina salduz gero, irabaziak ere handiak izan daitezkeela… litroko xemaikoa galtzen ez den artean behintzat, hau ere gertatu egiten baita, ekoizpen-marjina industrialak ez dira-eta beti norberaren alde suertatzen. Baina edozein modutan, garbi gera bedi, findegiak musu-truk arituko balira ere, eta bertako langileek doan jardun, ezantza ez litzatekeela %2 baino gehiago merketuko.
Baina tira, esan bezala, utikan gero negarra jotzea. Datu hauek ez dira inondik ere inork findegiez penarik sentitu dezan. Kontua --edo galdera-- besterik da, alegia: 100 eurotik 50 garbi-garbiak bereganatzen dituen sistemak ez al du inoiz ezer esango? Bai, segurutik gasolina nahi eta komeni baino garestiagoa da baina, nor da gasolina zergez josi eta haren prezioa biderkatzen ari dena? Nor da prezioa dezente merketzeko aukerarik bakarrenetakoa bere esku duena?
Arazoa ez litzateke, hala ere, goiz erdi batez ziztuan konpontzeko modukoa. Ze, egia da, Gobernuak nahi izango balu erregaien prezioa egun batetik bestera jaitsi zitekeen erdira. Baina… nork ordainduko lituzke, orduan, erdi horrekin ordaintzen diren zerbitzu publikoak?