Gardentasuna… bai, baina
Hona Eibartik atera gabe bi gardentasun-eredu:
Eibarko udal-zinegotziek euren ondare-zerrenda agertarazi behar izan dute eta Internet plazan jendaurrean azaldu, eibartarrek ez ezik, mundu orok kontrolatu ahal dezan.
Eibar Kirol Elkarteak ere, aukera eskaini du klubaren akziodunek ezagutu ditzaten herrian esames (eta morbo) handia sortarazi duten kontseilarien gastuak. Horretarako, akziodun bakoitzak eskubidea du Ipuruako bulegoetara joan, kontu-liburuak eskatu, bertatik bertara irakurri, konfidentzialitate-ituna sinatu eta nahi dituen ipi-apa guztiak jakitzeko.
Auskalo zein ote, bietarik, eredurik gardenena, baina, datu objektibo bakarra zera da: Eibar futbol taldea dela espainiar ligako hiru klubik gardenenetako bat eta Eibarko Udala ez dela, ostera, ehun udalerririk gardenenen zerrendan agertzen. Beraz, nonbait, `gardentasuna´ beste zerbait da.
Gardentasun-ideia “gardendu” egiteko, aukeran dagoke “La sociedad de la transparencia” (Herder, 2013) saiakera, non Byung-Chul Han filosofo “alemanak” (Seul, 1959) edonork ulertzeko moduko arrazoibideak aztertzen dituen, labur asko, 90 orrialde urritan.
Han irakasleari jaramonik egingo badiogu, zalantzariik ez gero gardentasuna aldarrikatzea ondo dagoela baina absoluturik elikatu gabe, neurri gabeko gardentasuna pornografia bihur baitaiteke, biluzgorritasunak erotismoa hiltzen duen antzera.
Byung-Chul Han hegokorearraren ustez, nekez orokortu dezakegu gardentasuna, zernahi gisaz, geure buruari ere geron gardentasuna ukatzen diogularik. Haren iritziz, zein neurritan ez ote genituzke adiskide minak ere galduko erabat gardenak bagina? Senitartekoek elkarrekin iraungo al lukete gardentasun hutsari balaztarik jarriko ez balitzaio? Elkarteek, enpresek, alderdiek edo iraunarazteko nolabaiteko estrategiaren bat behar duten gainerako erakunde edo antolamendu guztiek nola funtzionatu lezakete gardentasuna mugarik gabeko betekizuntzat joz gero.
Gauza bat da egiari zorrik ez izatea eta behar besteko informazioa zein azalpenak eskaintzea, eta, beste bat, trapu guztiak –garbiak zein zikinak, norberarenak nahiz inorenak— komunikabideetan eta gizarte-sareetan barra-barra eta bolo-bolo sakabanatzea. Gauza bat da gardentasuna, argibidea, eta beste bat agerkeria, erakuskeria. Gauza bat, arin eta xume janztea, eta beste bat larrugorritan kaleratzea.
Gardentasunaren aitzakiaz inor biluzaraztea da indarkeria. Distantziarik ezari begirune falta dario. Larregizko erakustaldia, gehiegizko begirada bezalaxe, biolentzia da. Dena orain, hemen eta biluzik ez da gizarte-harremanak lantzeko formularik aproposena. Hiperrinformazioak, hiperkomunikazioak eta hipergardentasunak ez dute argitasunik areagotu.
Hiru bitxikeria labur
1. Byung-Chul Han filosofoaren argitalpen-sorta benetan oparoa da: “La sociedad del cansancio”, “La agonía del Eros”, “El aroma del tiempo”, “La salvación de lo bello”, “El enjambre” etab. Denak ere, egungo gizarte kapitalistan nabarmen diren joerez.
2. Oro har, ehun orrialde inguruko saiakeratxoak dira. Denak bildu zitezkeen inork irakurriko (erosiko) ez lituzkeen egungo filosofia-liburukote mardul batean. Segmentuka plazaratzea zabalkunde (marketing) estrategia nabaria da. Han filosofo ona da, baina saltzaile hobea
3. “La sociedad de la transparencia” delako alean egileak aipatzen duen lehen erreferentzia da Wilhem Humboldt (1767-1835), euskal kulturaz hainbeste arduratu zen erudito berbera.