Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Garaldeatik, Sardinia eta Korsikara, Veleian zehar

Garaldeatik, Sardinia eta Korsikara, Veleian zehar

Amatiño 2021/10/13 11:55
Normala ote da Juan Martin Elexpuruk eta Joseba Lakarrak elkarrekin duten lerro arteko eztabaida ezkutua (edo ez hain ezkutukoa)? Hika-mika horiek, Gabriel Arestiren umekeria xelebreen pareko, ulergarri izan zitezkeen 1970 hamarkadako aurrehistorian, baina gaur egun lotsagarriak baino ez dira, ordea. Eta, barrenean, Veleia.
Garaldeatik, Sardinia eta Korsikara, Veleian zehar

Juan Martin Elexpuru

“Garaldea” 1978an aurkeztu zuen Federiko Krutwigk Bilboko Uribitarteko kaietan (Udaletxe aurrean), urteak estekatua zeramatzan “Consulado de Bilbao” itsasontziaren* ganbara dotorean.  Bost-sei kazetari joan gintzaizkion eta ni neu euskaldun bakarra. Federiko jakituna zen jakitunik bazen (ez, horratik, gai denetan “berezilaria”), baina ez, gero, argiena jendaurrean ezer agertzeko orduan, are gutxiago ahopean, erdi tartaka, hitz egiten zuenez gero.

Azalpena amaitu, inork galdetzekorik ezer ba ote zuen itaundu eta… isiltasun larria. Azkenean, errukituta edo, kazetari antza baino euskal militante gisa, itxura hutsez, zerbait galdetu nion. Prentsaurre ostean, elkarrekin bildu eta, zergatik ez zen galderarik izan jakin nahi izan zuen gure Federiko orojakileak. “... ez dizugu ezer ulertu...” adierazi nion modurik apal eta zuhurrenean.

Berrogei urte geroago, Juan Martin Elexpuruk “Euskararen aztarnak Sardinian?” (Pamiela, 2017) aurkeztu eta, beste lau urte geroago, aitorpen hau egin du hartaz: “Liburuak harrera ona izan du, oro har, nahiz eta prentsa idatziak ez dion lerro bat ere eskaini aurkezpen egunaz geroztik”. Lau urte geroago, hain zuzen ere, Elexpuruk burutu berri du “Euskararen ustezko kidetasunak Italian eta Korsikan” (Pamiela, 2021), 2017an Sardiniaz argitaratu zuenaren jarraipen eta osagarri gisa.

Paleosardiniera, senide hurbila

Sardiniar erdigune menditsura  aratustetan igo baino ez dago  gure zanpantzarraren nolabaiteko lehengusuarekin topo egiteko; edo Adige Garaira (Hego Tirola) eskiatzera joan besterik ez, sekulako euskal antz handia duen toponimiaz bertatik bertara jabetzeko.

Beste kontu bat da, ordea, funtsezko kidetasunik ba ote dagoen frogatzea, ala, beroarenak kenduz gero, guztia kointzidentzia hutsa baino ez den. Juan Martinek uste du, ostera, “nahiko zantzu dagoela euskara eta paleosardiniera senide hurbilak direla pentsatzeko. Homofoniak eta kasualitateak izan izaten dira, baina ez neurri honetan”. Nahiko zantzu… pentsatzeko baino ez.

Elexpuruk bi hipotesi sumatzen ditu. Bata, “babesleku euskaldunaren teoria”, zeinen arabera, Asturiastik Frantziako Mediterraneoraino barreiatu zen kultura franko-kantabriarra (Altamira, Ekain, Lascaux…) . Eta, bestea, “hipotesi neolitikoa”, nekazaritzarekin batera hedatu zena Europa mendebalde osoan zehar, Atapuercako aztarrenak lekuko.

Italiako toponomastika-eskolak ez daki euskaraz

Elexpuruk aitortzen du Sardiniaz aritzerakoan, leku-izenez gainera, egungo lexikoa eta fonetika ere aztertzerik izan zuen arren, Italiako eta Korsikako kasuan, aldiz, toponimiaz gain ezer gutxi aurkitu duela. Are gehiago, gordin eta zintzo asko aitortzen du ez duela Italian batere interesik ikusi, ez duela irizkiderik ere aurkitu, eta ikerlari adituren bati Italia iparraldeko eta Euskal Herriko toponimien arteko antza aipatuz, zera erantzun ziola: “Ezin liteke, Italiako toponomastika-eskola munduko onenetarikoa da, eta hala balitz konturatuko ziren”. Eta Elexpururen arrazoibidea, berriz: "ez dugu aurkitu euskara ondo ezagutzen duen ikerlaririk eremu horretan".

Esan gabe doa Juan Martin Elexpuruk kristoren txindurri-lana egin duela eta, oker nahiz zuzen, alferra behintzat ez dela. Baina saiatu eta zaildu izanak ez du, besterik gabe, ezer arrazoitzen. Beste kontu bat da, ostera...

1. Euskaraz tutik ere ezagutzen ez duten Italiako ikerlarien artean interesik sortarazteko, ez ote lituzkeen Elexpuruk ikerketak italieraz-edo zabaldu behar. Edo ingelesez, agian... Hala ere, funtsezko arazoa italiar hizkuntzalariek euskararik ondo ez ezagutzea izan al daiteke? Izan ere, ba al dago jakiterik zer dioten gai horretaz euskara nabarmen ezagutzen duten euskal hizkuntzalariek?

2. Eta, etxera begira, normala ote den Joseba Lakarrarekin duen lerro arteko eztabaida ezkutua (edo ez hain ezkutukoa). Izan ere, normala al da “Euskararen historia” (Euskaltzaindia, 2018) bezalako liburukote sakonean errierta giroko aipu arin bezain harroxkorik egitea? Normala al da toponimia-ikerketan erantzutea? Hika-mika horiek, liburuz liburu, ulergarri-edo izan zitezkeen 1970eko hamarkadako katakunbetan –Gabriel Arestiren umekeria xelebreak kasu—; baina gaur egun, ostera, lotsagarri samarrak baino ez dira. Eta, tartean, bastidore artean, tramoian, Lakarraren mintzotan, friki veleiarrak. Jarrera hauek ez dute inoren mailarik igotzen. 

* 1983ko uholdeak eraman zuen  "Consulado de Bilbao"  zurezko itsasontzi ederra, eta Deustuko zubiaren kontra, behin betiko, erabat birrindu.

Elexpuru

Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2021/11/06 11:28
Euskaldunen arteko eztabaiden maila igotze nabarmena 2004an sumatu nuen nik, ETB1-en, EHUko errektore izateko Iñaki Antiguedaden eta Juan Ignacio Perez Iglesiasen arteko debatean. Ez dut youtuben aurkitzen. Eztabaidatu beharrekoan zentratua, txandaka hizketan, solaskideak zioenari zinez adi, ez etxetik buruz ikasitakoa kosta lain kosta ezarriz baizik eta besteak esandakoari erantzunez, ordezkatzen zituzten jarrera aski desberdinak modu ulergarri eta koherentean adieraziz, ezkutatu barik, tranpa barik, demagogia eta histeria zeharo absente. Ederra litzateke Elexpuruk eta Lakarrak antzeko zerbait eskaintzea.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: