Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Garai-aldaketen madarikazioa

Garai-aldaketen madarikazioa

Amatiño 2022/08/19 20:40
Benito Lertxundiren kantaren leloak dio: “Oi Baldorba! Esazu nor zen bidetik baztertu zintuen madarikatua.” Ez dago esaldia, hitzez hitz, ulertuko ez duen euskaldunik. Baina, nik neuk, behintzat, aitortu behar, ez nintzela muinaz erabat jabetu bertaraino joan arte. Nola arraio dago sekulako arkitektura-ondare hori, noraezean eta ezjakinean, Iruñetik ordu erdira?
Garai-aldaketen madarikazioa

Amunarrizketa**

Berrogeitaka dira nolabait dokumentatuak omen dauden Santiago Bideak. Eta, oro har, hiru, Pirinioetako mendilerroa Euskal Herri inguruan gainditzen zutena. Baionatik sartu, Bidasoa gurutzatu eta Kantauri itsasbazterretik abiatzen zena. Donibane Garazitik, Orreagan zehar, Iruñea zeharkatu eta Garesera heltzen zena. Eta Somportetik Jakara jaitsi, antzinako galtzada erromatarra tarteko Olletara* heldu eta, Valdorba edo Orbaibarren barrena, iritsi ere Garesera iristen zena. Hiruetatik Orbaibarrekoa da gaur egun biderik ezezagunena, mendetan baztertuena, eta erromanikorik gehien gorde duena.

Orbaibarrek asteburu luzea merezi du eta, kanpotik ez ezik, elizak barrutik ere ikusi nahi izanez gero, komeni, Valdorbako Garapenerako Elkartearekin edota bertako Ecomuseoarekin harremanetan jartzea.

Gaurkoan hainbat elizaren argazkiak baino ez dira biltzen (gehiago dira Olletan, Olorizen, Orisoainen, Sasoiainen...) eta hurrengoan, berriz, Euskal Herrian oso gutxitan aurkitu daitezkeen eraikin erromaniko zibilak agertaraziko, Iratxetako garaia eta zubia, esaterako. 

* Montxo Armendariz zinema-zuzendariaren jaioterria (1949).

** San Bartolome eliza zenaren XIII. mendeko dorrea. Bizpahiru lagun baino ez dira Amunarrizketan bizi.

Eristain

Eristaingo Santa Maria. Soltxagan. X. edo XI. mendekoa. Izena "Evaristus" erromatarrari zor omen dio. Oinarrietan ageri da hilobi erromatarren baten harria. Ofizialki Santa Maria izan arren, herritarrek San Juan deitu izan diote beti, aldare nagusiaren gainean agertzen den polikromia (bizardun gaztea) Joanes Bataiatzailea delakoan. Hala ere, bertako auzotarrak adierazi zidanez, pinturak aztertzen aritutako aditu katalan taldeak esan omen zuen "Basajauna" (?) dela. 

Etxano

Etxanoko San Petri baseliza. Oloritzen, Ezkutu samarrean.Pistan barrena sartu behar da aurkitzeko eta ez da bistaratzen bertaraino heldu arte. 1150 urtekoa.

Katalain2

Eskuinaldean, Katalaingo Kristo Santuaren baseliza. XII. mendekoa. Garinoain herrian Katalain kalea hartu, Leotzera bidean, eta, aurrez aurre, ez du galbiderik.

Behean, berriz, Eristaingo San Juan edo dena delakoa. Javier Intxusta Laza erromanikozale eta gidariak egina du "Iglesia de Santa María" (2009) informazio-bilketa, non, besteak beste, "un basajaun vinculado con el renacer de la viña" aipatzen duen  ..

Basajauna
San Juan, Baco ala Basajauna ote?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: