Gallastegiri zor zitzaion gorazarrea
Liburua ez da, horratik, Migel Gallastegi eibartarraren biografia soila; baita azken hirurogeita hamar urteotan Migelek berak, bertatik bertara, pilota-munduan bizi, ezagutu eta sumatu izan dituen aldaketen kontakizuna ere.
Gure Migelek 1940etik 1960ra bitarteko bi hamarkadetan jardun zuen pilotari. Hasiberritan ezagutu zituen gerra aurreko atanotarrak, etxabetarrak, Felipe, Mondragones, Urzelai, Kortabitarte, Txikuri eta bestelakoak. Eta 1960an erretiratu zenean indarrean laga zituen Garzia Ariño I, Arriaran II, Ogueta, Azkarate, Retegi I eta ondokoak. Tradizioaren eta modernitatearen arteko zubigilearenak egitea egokitu zitzaion Asolaigartzako mutiko lerdenari.
Gallastegik pilotari ekin zioenean ez zen ez entrenamendurik, ez gimnasiorik, ez dutxa berorik frontoietan, ez urteroko txapelketarik, ez ganorazko esku-babesik, ez gomazko zoruerdiko oinetakorik. Gallastegiren ondotik, berriz, ariketak, kontrolak, janzkerak, frontoiak, pilotak, soldatak, enpresak eta… kazetariak aldatu ziren. Eta Migelen ustez, ez beti onerako, ez beti pilota-jokoaren mesedetan.
Liburua aproposa suertatuko da, segurutik, pilotazaleentzat; baina ez gero pentsa, gezurra dirudien arren, egileak pilota-jarraitzaileak izan dituenik gehienbat gogotan. Nire ustez liburuaren hainbat pasarte ezin aproposagoak eta irakurgarriagoak gertatuko zaizkio adineko irakurle eibartarrari, pilotazale izan ala ez izan. Azitaingo Dolores, Don Poli edo Alfako Jose Arriola “Etxebarri” ezagutu zituen eibartarrak gustura irakurriko duelakoan nago, edo “Giputzanekuan” zein Eperranekuan” txikito batzuk jotako belaunaldiak. Inor gelditzen al da honezkero? Liburuak ia laurehun orrialde-oin biltzen ditu sekula gehiago itzuliko ez diren garaien eta lagunen adierazgarri eta gogoangarri.
Migelen senitartea pozarren zen atzo, liburuaz zein ekitaldiaz, zaharrari zor zitzaion omena eskaini zaiolako, behingoz. Pena gero, 95 urte bete arte itxaro behar izana. Baina, tira, hobe omen berandu, sekula baino.
Carmen Larrañaga, Ego Ibarra batzordearen lehendakaria; Miguel de los Toyos, alkatea; Luis Aranberri, idazlea, Migel Gallastegi bera eta Pedro Mari Goikoetxea, ETBko kirol-kazetaria
Pedro Mari Goikoetxea kazetaria, autorea elkarrizketatzen
Bestalde zorionak, liburuak kriston itxuria daka.