Gallastegik, 100 urte
Ez bajakon nahiko irizten, jokatu ez, eta kitto. Hau izan da, beti, ehun urte luzian, Asoliartza basarriko semian berezko sena: nortasun asko, buruan jabe izan eta, Eibarren esaten dan lez, “esne-berba” gitxi.
Mutil-koxkorra nitzala ezautu neban nik Migel, gure aitxa zanan laguna. Eta, aitxan eskutik, ikusi neban Gallastegi pelotan, Astelena frontoian. Sekula izan dan atzelaririk onenetakoa, orduko umeok, harro asko, munduko txapelduntzat jotzen genduan gure herriko pelotarixa, benetan txapelduna izatiaz gainera, mundu guztian pelotan egiten zalakoan.
Jakina, gero, pelotari onak izan dirana Gallastegi baino lehenago eta geroago, baina gauza bittan behintzat, eibartarrak pelotian historixia aldatu zeban.
Batetik, pelota-jokoa kirol profesional bihurtu zeban. Gallastegi arte, pelotariak –Atano haundixa edo izan ezik— astegunetan taillarrian jarduten zeben eta, jaiegunetan, ostera, zuriz jantzi eta kantxara urten, hainbat peseta gitxiren truke. Gallastegik, aldiz, ez zeban inoiz pelotan baino biharrik egin. Astegunetan bi edo hiru pelotariren kontra entsaiatu, soka-saltuan egin, aizkoran ahalegindu, Santanderreko Racingen foballean egindako Justo Larrañaga “panaderuan” ariketa fisikoak bete, dieta aproposa gogoan euki eta beste edozein kirolari profesionalen pare edo gehiago zaindu.
Eta, bestetik, bere burua profesionaltzat zekanezkero, gitxieneko diru-ordainak eskatu zittuan eta, nahiz kostata, baitta atzenian lortu be. Modu berean lortu zeban pelotalekuetako zerbitzuak hobetzia. Gizurra dirudixan arren, neurriren batian pelotak Gallastegiri zor detsa oin normaltzat jotzen diran soldatak, aldagelak, dutxa berua, jaboia, toallia eta gainerako ipi-apa guztiak.
Amaitzeko… Hi, Migel, zorionak, bihotz-bihotzez. Ehun urte ez dittuk gero euli-kaka. Bajakixat azken bolaran makal xamar jardun arren, barriro be gorputzaldi onian habillela. Eutsi gainari. Gora heu eta heutarrak!
EUSKADI IRRATIA – Albiste faktoria