Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Galga, Blasquita eta Elena, Iputzako hiru damak

Galga, Blasquita eta Elena, Iputzako hiru damak

Amatiño 2025/04/17 09:00
Aurten 1000 urte betetzen dira, Gipuzkoaren gainean ezagutzen den lehen aipamen historikoa landu zela. “Landu” diogu eta ez “agertu”, Elena Barrena Osoro historialari eibartarra izan baitzen, 1988-89an burutu zuen tesian (1), Iputzaren esangura jorratu eta ulergarri bihurtu zuena, eta gaur egun Gipuzkoa deitzen den izaki politikoaren izaera, izanak eta osagarriak xehatu zituena. Nork esango zion gero Elenari, Iputzaren milurtekoan zenduko zenik...
Galga, Blasquita eta Elena, Iputzako hiru damak

Elena Barrena Osoro

Elena Barrenari gorazarreTesi haren gorazarrez, sarri asko “1000 urte ospatzea hainbat pertsonaren ekarria ospatzea baino errazagoa” delakoan, eta “gure eredu izan direnak historiaren bazterrean geratu ez daitezen”, historialari eibartarraren hainbat lankidek eta ikaslek zera erabaki zuten iaz: “Gipuzkoaren 1000 urteak gogoan, eta Elena Barrena Osororen tesiaren 35. urteurrenaren aitzakian, Elena bera eta haren lan eskerga oroitzea”.

Eta horretarako, hamar lagunek aho batez erabaki zuten artikulu bana hilean behin online kaleratzea eta urte amaieran denak liburu batean batu eta guztia argitaratzea. Era askotako artikuluak, baina beti ere Elena Barrenaren eta bere obraren ingurukoak, edo, Elenaren ikasgaiak oinarritzat hartuta, Erdi Aroko Gipuzkoaren berri emango luketenak, “hainbeste merezi du-eta”.

Elena Barrenaren jarraitzaileek duela urtebete aurreratu zutenez, aurten betetzen da Iputzaren mila urteko historia, aldi berean aurten dira 35 urte Elena Barrenaren “La formación histórica de Guipuzcoa” argitaratu zela, eta, agindu bezala, liburudendetan da “Gipuzkoa mila urteko historia. Elena Barrena Osorori gorazarre” (Farmazia Beltza, 2025) delako artikulu-bilduma (2).

Elena aurreko asteburuan joan da. Minbiziak jota zebilen eta ostiralean buruko odol-isuria izan zuen. Bere borondatea zen ez zedila ez hilbeilarik, ez hiletarik egin. Zaratarik atera gabe joan da. Errautsak Arraten geratuko dira baina haren espirituak Elenak berak ezagutarazi zituen Iputzako Galga eta Blasquita damekin jardunean eta solasean jarraituko du, sekula guztian. (3)

                                          ---ooOoo---


1) "La formación histórica de Guipúzcoa: transformaciones en la organización social de un territorio cantábrico durante la época altomedieval".

2) Aurkibidea: :Hitzaurrea. Juan Carlos Mora Afán.--- Atarikoak: #G1025 #GI3. David Zapirain Karrika.--- Elena Barrena osoro: irakasle.  David Zapirain Karrika.--- Elena Barrena Osoro. Mujer, profesional, referenteEider Landaberea Abad.--- Elena Barrena Osoro: ikerlari.  Leyre Arrieta Alberdi.--- Giza hezurrek Erdi Aroko biztanleez esaten digutena. Amaia Mendizabal Gorostizu-Orkaiztegi.---Gipuzkoako kostaldea Erdi Aroan: Roger How3den eta Mediterraneoko kartografia. Iago Irixoa Cortés. --- La Dama de la Tierra: 1025-2025. José Antonio Marín Paredes.--- Vivir en comunidad (siglos XIV-XVII). José Ángel Achón Insausti.--- Entrevista con Elena Barrena Osoro.  Sustrai Colina Akordarrementeria.--- Hitzatzea. Wikipedian lanean jarraitzeko proposamen bat. Beñat Irasuegi Ibarra.

3) "En el caso de la investigación que nos ocupa, el diálogo con la lingüística, la antropología y la geografía pueden continuar proporcionándonos preguntas para perseverar en el camino que abrió Elena Barrena. Para adentrarse en ese camino se esperaba la incorporación y la contribución de la arqueología para afinar las pesquisas y averiguar más sobre la organización social que protagonizaron Galga y Blasquita" (Jose Angel Marín Paredes). 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: