Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Galderabako prentsaurrekoak

Galderabako prentsaurrekoak

Amatiño 2011/05/12 00:39
Kazetari-elkarteak kexu dira egunotan alderdi politikoen informazioaz jasaten omen duten askatasunik ezaz. Besteak beste, bi zentsura-mota dira zehatz-mehatz salatu izan dituztenak. Batetik, hauteskunde-kanpainetako informazio-blokeak alderdiek beraiek egin izana. Bestetik, galderarik gabeko prentsaurrekoak. Lehenengo kasuan arrazoi osoa dute; bigarrenean, ez beti.

Egia esan ez dut sekula ulertu nola arraio komunikabideek onartzen dieten talde politikoei euren hauteskunde-mitinetako informazioa alderdikideek edo beraien agintepeko profesionalek egitea. Baina, hau esanda, berehala erantsi behar da moda hau espainiar alderdi nagusiek ipini zutela indarrean orain sei-zazpi urte inguru eta, txarrenean ere, ulergarri –ez onargarri-- baldin bada alderdien guraria, ez dela inondik ere ulergarri zergatik kazetariak egon diren orain arte mutu eta isilik.

Galderabako prentsaurrekoen aferak, ordea, ñabarduraren bat edo beste eskatzen du. Bat nator, bai, galderarik gabeko prentsaurrekoak salatzeko orduan baina ez dut uste, ostera, prentsaurrekotzat jotzen diren agerpen guztiak benetako prentsaurreko petoak direnik.

Zilegi bekit kasuak bereiztea. Alegia, onartezina iruditzen zait honetaz edo haretaz iritziak emateko alderdiek kazetariei dei egitea, aurrez aurre  elkarrekin bilaraztea eta,  nahi diren guztiak  esan ostean,  batere galderarik egiteko aukerarik eman gabe etxera bidaltzea. Kasu honetan ez dago dudarik, horrelakorik egiten duen alderdiak ez du begirunerik merezi.

Baina bada bestelakorik. Zenbait kasutan edozein alderdik izan dezake aldez aurretik onartutako erabakia, agiria edo aldarria jakinerazteko premia eta, orduan, aukerak hainbat izan daitezke.

Hasteko, alderdiak badu agiri hori komunikabide guztiei emailez edo faxez helarazteko eskubidea eta inork ez dio horregatik konturik eskatuko. Hala ere, irratiek uste dezakete agiri idatzia ez dela beraiei aproposen dagokien formatoa, irratsaioei agiri idatzia baino agiri irakurria komeni zaiela, eta bidezkoa da politikariren batek agiri hori irakurri diezaien eskatzea.

Ildo beretik argazkilariek pentsa dezakete –arrazoi handiz, gainera— berek ez dutela agiriaren argazkirik atera nahi, agiria irakurriko duen politikariarena baino. Eta, era berean, telebista-kamarak esango du berak ere irudiak jaso nahi dituela, bestela nagusiak errieta egingo diola.

Bapo. Horra ba non, alderdiak bere agiria emailez edo faxez bidali nahi zuen eta, idatzizko kazetariek izan ezik, gainerako guztiek --bakoitzak bere arrazoiaz— nolabaiteko bozeramaileren bat izan nahi duten aurrez aurre, galderarik egiteko izango ez den arren.

Baina gero, aitzakia horrekin, denen artean alderdi-bozeramailea inguratu eta  hasieran emailez zabaldu behar zen agiriari buruzko galderak egin nahi izatea… iruzurra besterik ez da, nahiz kazetari-lanbidearen ohoretan eta defentsan aldarrikatu.

Laburbilduz, talde-lanean erabaki edo hitzartutako agiria adierazi nahi duen alderdiari zilegi zaio batere galderarik gabeko aurkezpena egin nahi izatea. Ulergarri da agiri-erabakitzaileek testuaren osotasunari eutsi nahi izatea. Ulergarri den bezala kazetariek, ahal delarik, agiria xehatu nahi izatea. Baina galderarik egin ezinak –edo egin arren erantzunik ez jasotzeak— ez du, kasu honetan behintzat, ezein informazio-arau sakraturik hausten.  

     

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: