Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Galdera aproposak egiten saiatu ala inoren erantzunak txalotu

Galdera aproposak egiten saiatu ala inoren erantzunak txalotu

Amatiño 2022/03/18 11:30
DFeria delako programazio joriaren barruan, antzerki-saio bi elkarren ondotik: “El rey tuerto” eta “Altsasu”. Biek merezi dute ikusi eta, ona, bietako antzezlarien lana, nahiz xede desberdinez planteatuak izan. Zilegiak, bata zein bestea, baina erabat berdinezak. Ikusentzuleen amaierako jarrera lekuko.

Fernando Bernués zuzendariak egokitutako El rey tuerto(Marc Crehuet, 2012) antzerkiaren gaia segurutik sekula gertatu gabeko egoera da. Ezustean biltzen ditu manifestazioan gomazko pelotaz begia galdu duen biktima eta tirokatu duen istilu kontrako polizia. Elkar ezagutzen ez duten arren, euren emazteak suertatzen dira neskatotako lagunak eta afaria antolatu dute, aspaldiko partez.

Afarian zehar gertatuaren berri azaldu ahala, sortuko dira lauen arteko liskarrak, arrazoiketa kontrajarriak, sistemaren salaketa eta errudunak bilatu beharra. Ondorioz, ordu arte irizpide nagusiak guztiz argi eta finko zituen polizia nahasmenduan eroriko da eta, besterik ezinean-edo, antzokian bertan dituen ikusentzuleei artez arte galdetuko die ea argibiderik ezagutzen duten, arazoa ez ote den guztion erantzukizuna eta, funtsean, erantzun zuzenak jaso ahal izateko ez ote den komeni galdera egoki eta aproposak egiten saiatzea.

Maria Goiricelayaren (egile eta zuzendari) “Altsasu” antzerki-saioak biltzen ditu, berriz, 2016ko urriaren 15eko ordu txikietan, Altsasuko “Koxka” tabernan izandako gertakariak, jarraitu zuen ezohiko epaiketa, gero erabakitako epai latza eta, oraindik ere, indarrean dirauten ondorenak. Esku-programak berak dioenez, “Altsasuko kasura egindako hurbilketa zorrotza eta zintzoa” izan arren, genero dramatikora egokitutako fikziozko antzezlana.

Zenbat buru hainbat aburu, ikusentzuleari zilegi zaio, jakina, norberaren irizpidearen jabe izatea, baina Goiricelayak ez du Bernuésen pareko gonbitik luzatzen, ez eta galderarik egiteko betarik eskaintzen ere. Bernuések hausnarketarako atea ireki eta ikusentzule bakoitzaren erantzukizunari dei egiten dion artean, Goiricelayak berea ez den ate oro itxi eta aldarri kolektibo sutsuaz amaitzen du saioa.

Ondorioz, amaitu arte butakatan ordu eta erdi adi-adi eserita egon den publikoaren jokamoldea guztiz desberdina izango da kasu batean edo bestean. Bernuésen proposamenaren aurrean, gogotik txalotzen hasi aurretik, jendea geldi-geldi, isilik misilik, geratuko da, nor bere eserleku-zuloan makurtuta, erantzukizunaren astunaz jabetuta, hausnarrean, zein ote litzatekeen galderarik aproposena asmatzen saiatu nahirik-edo. Eta Goiricelayaren eskaintzaren aurrean, ostera, ikusentzule guztiak bat-batean jaiki eta, zutik, txalo-zaparrada beroari ekingo diote, dena esanda, erabakita eta itxita balego bezala, zalantzarik txikerrenarentzat ere batere zirrikiturik geldituko ez balitz bezala.

Dferia, 2022

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: