Gaizkideak
Burruka armatua justifikatzen dutenek izan ezik, gainerako guztiek gaitzetsi zuten erasoa. Salbuespen nabarmen batez, Ahotsak emakume-taldeak ez zuen erasorik salatu.
Ahotsak taldeko emakumeen artean batzuek nahi izan zuten ETAren jarrera salatu eta beste batzuek, aldiz, ez. Neutraltasunaren izenean aho batez erabaki zuten erabakirik eza. Baina emaitza ez zen neutrala izan. Hartara, ETA gaitzetsi nahi ez zutenek irabazi zuten-eta.
Urte bi geroago, antzerako gertatu da Azpeitiko ANVren barruan, Iñaxio Uriaren erailketa salatzerako orduan eta, oraingoan ere, ETA gaitzetsi nahi izan ez dutenek irabazi dute, batasunaren izenean.
Beste horrenbeste Abiada Handiko Trenaren plataformaren baitan. Segurutik jende asko da mugimendu horretan burruka armatuaren kontra baina, batasunaren aitzakiaz, ez dute gaitzespenik egin nahi izan.
Abiada Handiko Trenaren kontra ausart eta sutsu agertu arren, ETAren aurrean horren otsein eta morroi azaltzeko gauza direnak behar bada trenaren aurka egongo dira, baina ez behintzat ETAren kontra. Eta euren jarrera zehatz argitzen ez duten artean konplize dira, gaizkide hutsak alegia.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008ko abenduaren 30ean.