Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gaizki hazitako jauntxo umemokoak

Gaizki hazitako jauntxo umemokoak

Amatiño 2014/07/05 00:20
Batzuek uste dute, orain, bizikleta ere beraiek deskubritu dutela. Oso kirolzaleak izango dira, ekologistak, energia-aurreztaileak eta aurrerakoiak, baina gaizki hazitako jauntxo umemokoak baino ez dira, banaka batzuk bai behintzat.

Donostian gertatua, Groseko Gran Vía kalean, orain hurrengo. Horra non ni baino hiruzpalau urte gehiagoko emakumea doan espaloian eta, ustekabean, hogeitaka urteko gazte lerdena bizikletan, ia-ia elkarrekin topo egin beharraren beharrez:

 Ay… que susto! –dio emakume gaxoak.

Señora, no se queje… que va Vd. mirando escaparates! –berriz, txirrindulariak.

Inguruan dagoen gizonezkoak, egoeraz jabetu eta, diotsa:

 Calla, que ni siquiera se te ha quejado, tan sólo se ha asustado.

Eta txirrindulariak, harro asko:

Psicópata… no es más que una psicópata!

Anekdota hutsa baino ez da, inondik ere kategoriarik ezartzen ez duen anekdota, baina bai, behar bada, nik uste behintzat, aspaldiotan Donostiako hainbat txirrinduzaleren artean nagusitu den giroaren adierazgarria.

Segurutik urte asko eta bidegorri gutxi dugunon susmoa izango da, baina Donostian bizikletan dabilen zenbait lagun erabat “hazita” sumatzen dut nik. Ez dut nik imajinatzen Deban edo Eibarren inor aurkitzerik bizikleta gainean espaloian zehar. Zergatik Donostian bai?

Bidegorririk ez dagoen herrietan txirrindulariek zein oinezkoek badakite, badakigu, norentzat den kalea eta norentzat, ostera, espaloia. Bakoitzak badaki, betidanik jakin ere, zein den bere esparrua. Ez dago zalantzarik, ez dago eztabaidarik, ez dago ustegabekorik, ez dago ikararik.

Donostian, aldiz, txirrundulariek uste dute bidegorria ere jatorrizko eta oinarrizko eskubidea dela eta, bidegorririk ez den lekuetan, erabaki dute nonbait espaloia dela pasarte naturala, eta ez kalea. Errua, jakina, behar besteko bidegorririk jarri ez dutenena da.

Aurrekoan, Kursaal antzokiaren atarian noiz laguna etorriko zain nengoela, ustebako bidegorrian plantatu nintzen nonbait, eta parean egokitu zitzaidan txirrindulariak –Esparteroarenak eginez zaldi gainean balihoa bezala— esan zidan: “Abuelo, que es un bidegorri”!

Alegia, bidegorria eurena soilik baino ez da, baina espaloia denon artean partekatu beharrekoa. Kontuz gero nondik zabiltzan, espaloiak ez baitira eskaparateak ikusteko, jauntxo berriek paseatu dezaten baino.

Bizikletaespaloian

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: