Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gaizki eginaren aitortza eskatzen du justiziak

Gaizki eginaren aitortza eskatzen du justiziak

Amatiño 2014/10/14 18:35
“Reconciliación” deritza ordubete eskaseko dokumental ikusgarriari. Juan Mari Uriarteren izenburu bereko saiakeran oinarritua eta, Iñigo Caminoren ekimenez, Fermin Aioren zuzendaritzapean burutua. Aparteko lana, bikaina, latza baina narea. Gorroto guztien gainetik eta bakebide guztien azpitik. Duela bizpahiru urte urri ezinezkoa zitekeen filma.
Gaizki eginaren aitortza eskatzen du justiziak

Liburuaren azala

Bortizkeriaz aita edo neba galdutako hamar lagun dira, binaka, elkarrekin mintzo: Inés Núñez (Francisco Javier Núñez. Polizia Nazionalak, 1977 urtean) eta Iñaki García Arrizabalaga (José Manuel García. ETA, 1980); Edurne Brouard (Santiago Brouard. GAL, 1984) eta Fernando Garrido (Rafael Garrido, Daniela Velasco de Vidaurrieta eta Daniel Garrido. ETA, 1986); Jon Doral (Montxo Doral. ETA, 1996) eta Leire Goikoetxea (Joseba Goikoetxea. ETA, 1993); Pili Zabala (Joxi Zabala. GAL, 1983) eta Andoitz Korta (Joxe Mari Korta. ETA, 2000); eta Sara Buesa (Fernando Buesa. ETA, 2000) zein Josu Elespe (Froilan Elespe. ETA, 2001). Baita Juan Mari Uriarteren  beraren (Juan José Uriarte. ETA, 1985), Maixabel Lasaren (Juan Mari Jauregi. ETA, 2000) eta Josu Zabaletaren lekukotasuna ere.

Bataz beste hamabi kasu zehatz eta adierazgarri. Hamabi hilketa. Hamabi hileta. Zeinetatik, niri, seitan egotea egokitu zitzaidan. Historia hurbila, uste baino hurbilagoa.

Zer esan ote daiteke, laburbilduz, honen dokumentu gordin bezain lasaiaz? Moztu beharraren beharrez, hona, zazpi-zortzi lerro murritzetan:

1. Behar bada ez dugula jakin, ez dugula beti jakin nahi izan, zein oinazetan bizi izan den hainbat biktima gure inguruan.

2. Denok izan garela nolabait errudun, ez segurutik etika teorikoaz, baina bai biktimekiko urruntasun aseptikoaz.

3. Inondik ere ez dela onargarri kokteleraren formula, alegia: "gatazkaren" aitzakiaz ontzi berean nahastu ETA, GAL, mehatxuak, torturak, bidegabekeriak, justiziarik ezak eta gainerako astakeria guztiak, ondo eragin, astindu eta, ateratzen zaigun nahaspila kiratsa, denon artean anoa berdintsutan banatu.

4. Justiziak gaizki eginaren aitortza eskatzen duela.

 

LA RECONCILIACION. Juan Mari Uriarte, 2013

jaime
jaime dio:
2014/10/16 20:08
Argi da, hemengo erakunde armatuak ez zuela 1977.eko amnistiaz baliatzen jakin izan, mugimendu politiko bilakatuz, armak behin betirako uzteko. Argi da, halaber, borroka armatura bueltatzeak saihestu beharko izan zen alferrikako odolezko isurtzea suposatu zuela. Hori dela eta, argi da gure Euskal Herriko bazter guztiak harrotu zutela gorroto eta korromioak. Ados.
Hala eta guztiz ere, 1940ean jaio izan ginenok, franquismoaren errepresio osoa ezagutu genuenok, zazpi urteko deserriratze barne (mutiko bat betirako markatzen duena); erakunde armatuaren ekintza odoltsuak pil-pilean zeudenean, beste aldera begiratzen genuela entzun behar dugu behin eta berriz.
Galderak metatzen zaizkigu buruan. Nora begiratzen zuten morroi hauek, eta euren gurasoek, hemengoen fusilatze hilerrietako hormetan gertatzen zirenean? Nora, hemengo haurrak, beren gurasoak moilan utzirik, herbestera eroaten zituztenean? Nora, jendearen euskal izenak mehatxuz eta indarraz españolizatzen zituztenean garaileek? Nora, gizarte eskubiderik elementalena bortxatzen zutenean: “hable en cristiano”? Nora, hemengo biktimen hilobien ikerketei eragozpenak jartzen dituztenean, gaur egun? Nora….?
Eta azken galdera, nora begiratu behar dugu guk, kontuan hartuta akusatzaile hauetariko askok “Fundación Nacional Francisco Franco” sustatzen dutela, lasai asko?
Amatiño
Amatiño dio:
2014/10/16 22:28
Nork bere buruari galderak egitea ondo dago, ausnarrerako baino ez bada ere. Hala ere, azkenean, galdetzen baino, erantzuten asmatu behar da.

"Lasa eta Zabala" filma ikusiez gero sumatuko duzu hainbat galdera egiten dituzten poliziak agertzen direla. Nahiz "bando" berekoak izan, batzuen ustez ETAkoak errukirik gabeko eraileak ziren, zer gerta ere lehenbailehen akatu beharrekoak. Beste hainbaten ustez, aldiz, poliziaren egitekoa justizia da, ez mendekua.

Galderak egitea ondo dago, baina erantzuna da garrantzitsuena.
jaime
jaime dio:
2014/10/18 00:14
Sarritan galderak egiten dituenak ez daki zein den erantzuna, beraz, dakienari dagokio erantzunak ematea.
Nik, behintzat, ez ditut gogoko hemengo gerran eta hurrengo gatazkan oinarritutako filmak, aspaldiko oroitzapen zirraragarriak gogarazten baitituzte. Ez, ez dut “Lasa eta Zabala” filma ikusiko
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: