Gadafi gaztea, sasoiko lorea
Ez zen nolanahikoa izan 1969 urtea, eta ez gero ni ezkondu nintzelako soilik. Urte hartan jazotako hainbat gertaeraren ondorioek luzaro iraun dute geroztik. Gogoan izan Neil Armstrong ilargira heldu zela eta Arpanet (Internet aurrekoa) sare zibilari ekin; Francok Juan Carlos printzea oinordekotzat izendatu eta Espainiak Marokotik (Ifni) aldegin; Israeldarrek Golda Meir lehen ministro hautatu eta palestinarrek Yasser Arafat PAE-ren buruzagi; Vietnamgo gerra maldan behera hasi eta 400.000 hippyk Woodstock jaialdian bakea eta maitasuna abestu. Armada Britainiarra Ipar Irlandan lehorreratu eta gobernu espainiarrak salbuespen-egoera ezarri.
Giro hartan, Che Guevara zein Camilo Torres mitoak suspertu eta espainiar poliziak Burgosko Prozesuan amaituko zuten hamasei ETAkide atxilotu zituen garai hartan, Gadafi gaztea sasoiko lorea besterik ez zen izan.
Iraultzaile, abertzale, sozialista, laiko eta yankien kontrako… Gadafi koronelak gizarte-justizia, herritarren agintea, Afrikako nazioen askatasuna, arabiarren anaitasuna, emakumeen eskubideak eta petrolioaren nazioanalizazioa aldarrikatu zituen. Kristoren programa segurutik. Tamalez, Gadafi gazteari huskeria batto baino ez zitzaion ahaztu: demokrazia. Eta nonbait, adinak aurrera egin ahala, oroimena ez da errazen berreskuratzen diren dohainetakoa.
Gadafi, bartko hitzaldian zehar