Futbolista gaztetxoek umezurtzak izan beharko lukete
Ez da kontu berria. Urteak dira, ikastolarteko futbol-lehiaketan sari-emaile azaldu behar izan nuelarik, erabat txunditu ninduela makinatxo bat gurasoren (aitaren) jokabideak. Urtebete inguru da, berriz, Athletic-ek gonbidatu ninduela parte hartu nezan Bizkaiko harrobiaz (edo harrobirik ezaz) eratutako mahai-inguruan. Hona non, besteak beste, gurasoen larregizko “ardura” edo “interesa” arazo bihurtu den mutikoen mailako futbolean. Futbolean alegia, ez kirolean. Hain zuzen ere, futbolaren kaltetan eta beste hainbat kirol-motaren mesedetan.
Futbol handi-mandiaren aparrak (arrakastak, ospeak, diruak…) zorabiatu ditu nonbait gurasoak, eta euren nahitaezinezkoek, sasi-anbizioek, jokoa errenta izan dadin grina eta itxaropen ustelek baldintzatu eta itxuraldatu dute semeen zaletasuna. Ariketa fisikoa, kirol-guraria, denborapasa, lagunartekoa edo jolasaldia izan beharrean, norgehiagoka gordina bihurtu da mutikoen futbola, borroka latza, lehia zorrotza, elkar gainditu eta erasan beharreko joko gotorra.
Ez dut gogoratzen gure aita zena sekula joan zenik Txantxa-Zelaira ni futbolean ikustera. Esango nuke esan birritan-edo joan nintzela nire semeren bat apa-apal animatzera Ipuruara. Gaur egun, ordea, partida ofizialetara ez ezik entrenamendu guztietara orroaz joan ohi den gurasorik ere bada. Segurutik lehengo gurasoak ardurabako samarrak izan ginen. Baina egungo asko eta asko zeharo zoratuta daude. Hori bai, orduko guraso ganorabakook elastiko aproposa erosteaz arduratu ohi ginen, eta oraingo guraso interesatuek, ostera, ekipamendu guztia inork ordaindu behar diela uste dute.
Egungo gurasoek jakin badakite euren semea dena taldeko abilena, jokalaririk trebeena eta etorkizunik onena duena. Gauza dira entrenatzailea astintzeko euren semea hautatzen ez badu, ez dute inoiz bakean uzten erreferiaren ama eta txitean pitean haserretzen dira gainerako jokalarien gurasoekin, taldekideak izan ala ez.
Badira hamabi urte inguruko mutikoen gurasoak euren semeek zenbat minututan jokatzen duten jakiteko (eta gero entrenatzaileari kontu hartzeko) estatistikak egiten dituztenak. Badira gurasoak astegun buruzuriko entrenamendu guztietara joaten direnak, eta partida amaitu ondoren semearen arropa-zorroa euren bizkar hartzen dutenak, etxeko "izarrak" lagunekin whatsappatzen duen bitartean.
Eta, aldi berean, izan ere badira gurasoak semea futboletik atera dutenak, beste edozein kirol inguruko giroa zatia mesedegarriagoa delakoan.
Behin baino gehiagotan galdetu diot nire buruari ea guraso hauek ba ote diren hain arduratsu eta axolati euren semeen ikasketak eta hezierarekin. Non daude bada “botiloietan”?
Jakina, euskalduna, orokorki, sekulako alergia izan dio liburu on bat irakurtzeari; gehienez jota, egunkarietako kirol orriak edo eskelak. Lotsagarria da, benetan, hemengo euskal idazlerik finenak atzerrian ezagutuagoak izatea euren sorterrian baino! Noski, kultura eza horrek futbolaren erregetza dakar. Oraindik askotxo falta zaigu Europako mailara heltzeko.
“Panem et circenses” motel!!!