Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Futbola, algoritmo arrakastatsuaren bila

Futbola, algoritmo arrakastatsuaren bila

Amatiño 2017/05/24 00:05
Mutikotan, futbola kirolarien arteko jolasa zen, eta hartaz gehienbat zekitenak entrenatzailea eta masajista baino ez ziren. Gero etorri ziren estrategak, ondotik filosofo eta psikologoak eta, aurrera begira, matematikoak eta informatikoak izango dira. Hasieran esparru fisikoa zen nagusi, gero emozioa, ondoren talentua eta orain, berriz, sistematizazioa. Algoritmoen garaia da.
Futbola, algoritmo arrakastatsuaren bila

1940 urteko ikurra

Laugarren denboraldiz jarraian, Eibar futbol-taldeak lehen mailan jokatuko du datorren urtean ere. Zenbaiti entzunez gero, badirudi miraria dela Eibarrek goiari eustea eta zeharo normala, ostera, edozein hiriburutako taldeek urtez urte elite horretan irautea. Argudio horren funtsezko arrazoia aurrekontuetan eta jarraitzaile potentzialen kopuruan dago. Baina ez dirudi, dagoeneko, paradigma hori egia denik. Orain, lehen mailan jarraitzeko benetako arrazoia jestiogintzan omen datza.

Oraingo irizpideen arabera, diru-sarreren, jokalari ezagunen eta jarraitzaile sutsuen altxorra gutxietsi gabe, Eibarrek lehen mailan jarraitu ahal izango du, luzaro, kudeaketa onari eusten dion heinean; eta, aldiz,  Gijon, Logroño, Burgos, Zaragoza edo Iruñeko taldeek bigarren mailatik atera ezinik segituko dute, propio igotzeko, beharrezko estrategia, metodologia edo sistema, indarrean jartzen ez duten artean.

Giltza, maratila, kudeaketa-sistema aproposa bideratzea da, unean uneko zuzendaritzaren gainetik eta denboraldi bateko edo besteko teknikarien azpitik. Ez da diru-kontua. Gaur egun lehen mailako edozein taldek du –telebistari esker— batere harrobirik gabe, sekula zelairik betetzeke eta ia jarraitzailerik ezean ere, lehen mailari eutsi ahal izateko besteko diru-sarrerarik. Denboraldiz denboraldi goiari eusteko besteko ardatza ez datza akziodun, bazkide, jarraitzaile, publizitate edo marketinaren etekinetan, datuen erabilpen egokian baino.

Datuen kudeaketan, alegia. Eta, egun, faktore guztiak dira datu; eta datu guztiak dira metagarri, objektibagarri, erabilgarri, aztergarri, kudeagarri eta sistemagarri. Segurutik bihotzik gabeko metodologia hotz gerta daiteke. Baina metodologiarik gabeko bihotzak bigarren mailan jokatuko du berandu baino lehen.

Hasieran fisika izan zen, gero emozioa, ondoren talentua eta orain, ostera, datu-sistema. Algoritmoaren ordua da. Baita futbolean ere.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: