Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Frantses jendea, Donostian: turista ala auzotarra?

Frantses jendea, Donostian: turista ala auzotarra?

Amatiño 2016/05/29 00:05
Gero eta ugariagoa da frantses jendea Donostian. Bertako Informazio Bulegora iaz hurbildu ziren 103.026 turista atzerritar europarretatik 57.075 frantsesak izan ziren. Urte berean, noiz edo behin Donostian lo egin zuten atzerrietatik, gehienak frantsesak izan ziren.

Baina, hala ere, nik neuk esango nuke edozein egunetan Donostiara joaten diren frantsesik gehienak ez direla Informazio Bulegora joaten eta ez Donostian bertan lotan geratzen. Oro har, egunean zehar Iparraldetik Donostiara joan-etorria egin ohi duen frantses hiritarra zer da, turista ala auzotarra?

Nire gazte-denboran, 1960ko hamarkadan, udaran Gipuzkoara etorri ohi ziren turistarik gehienak frantsesak izaten ziren, nabarmen asko. Italiarrik batere ez, alemanak eta ingelesak gutxi batzuk, kanpotarrik gehienak frantximantez mintzo ziren. Guretzat ere frantsesa zen atzerri-hizkuntza, ez ingelesa. Nire atzamar urduriek ferekatu zituzten lehen titipuntak frantsesak izan ziren. Paristarra zen eta Françoise zitzaion izena.

Hurrengo hamarkadan denek hanka egin zuten, ordea. Frantziaren kontrako ETAren gurutzada santuak denak uxatu zituen mugaz handi. Ia-ia oraintsu arte. Azken hamarkada honetan, berriz, frantses jendea erabat nagusitu da Donostian. Bakeak, autopistak, moneta bateratuak, merke-antzeko saltokiek eta taberna-zulotako pintxo-grinak, denak elkarrekin nahasian, frantses hiritarra erakarri dute, samaldaka, Iparraldetik bertatik gehienbat.

Besteak beste, sarritan Donostiaratzen den bisitaria da, ezelango ostaturik hartzen ez duena eta, horren maiz etorri ohi denez gero, informazio-bulegorik ezertarako behar ez duena.

Eta, hain zuzen, galdetu besterik ez, Kursaal Eszenako kontzertu-programarako urte osoko abonamendua duen bikotea; Kutxa Espazioa ikusteko ume eta guzti Miramonera igotzen den familia; gauez Ilargia, Marte edo Jupiter behatzeko Aranzadi Elkartearen teleskopioaz baliatzen den lagun-taldea; alderdi zaharrean hiruzpalau txikito jotzen duten gazteak; edo etxeratu aurretik Okendoko parkinetik autoa ateratzen duen jubilatu parea… turistak al dira?

Demagun baietz. Baina, horiek guztiak turistak baldin badira, zer arraio gara gauza beretsuak egiteko ”probintziatik” joan ohi garenok?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: